‘Noela’ izenburupean, Eguberriaren atariko kontzertua emango du Andra Mari abesbatzak Koruko Andre Maria Musika Kaperarekin batera larunbatean, abenduaren 15, 20:00etan, Fatimako Andre Mariaren elizan. Hala aurkeztu zuten atzo, hilak 12, prentsa aurrean, Arantxa Arzamendi Andra Mari Abesbatzaren ordezkariak, Andoni Sierra abesbatzaren zuzendariak, Jesus Garcia baritonoak eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Andoni Sierrak gidatuko du emanaldia eta aipatu bi abesbatzekin batera, Maria Martin sopranoa, Lucia Gomez eta Garazi Alvarez mezzosopranoak, David de Olivera tenorra eta Jesus Garcia baritonoa izango dira parte hartzen. Sierrak berak azaldu duenez, Camille Saint Saënsen ‘Oratorio de Noël’, eta Tomas Aragüesen ‘Suite de Navidad’ obrekin osatu dute programa, ‘oso atsegina, erraz entzuteko modukoa’.
Bestalde, Andra Mariren 2018ko jardunaren balantzea egiteko ere baliatu zuten deialdia. “Hamabost emanaldi eskaini ditugu guztira. Eta horiez gain, Errenterian izan diren bi jarduera garrantzitsuetan ere parte hartu dugu: Jose Luis Ansorenaren omenaldian eta ‘Egin zaidazu bisita’ abestiaren grabazioan”, esan zuen Arzamendik.