Lanbide Heziketatik datozen enpresa ekimenak sustatzeko haztegia sortu dute

belabaratz tknikaBelabaratz-Teknika zentroan kokatuta egongo den haztegia aurkeztu dute gaur goizean. Lanbide Heziketatik datozen enpresa-ekimenak hartuko ditu haztegi honek. Ekimena Errenteriako Udalaren, Tknikaren, Oasoaldea Garapen Agentziaren eta Don Boscoren artean sinatutako hitzarmen baten ondorio da.

Julen Mendoza, Errenteriako alkateak adirazi duenez “Tknika Errenterian kokatzeak eta Don Boscoren gaitasun eta ekimenak potentzial handia eskaintzen dute. Errenteria lanbide heziketaren eta ekintzailetzaren eremuan estrategikoki kokatzeko funtsezko elementu bereizgarriak dira”.

Udala sustatzen ari den Errenteria 2025 plan estrategikoarekin bat dator ekimen hau Mendozaren esanetan, izan ere, “ekintzailetzaren eta lankidetza eta kooperazio ereduen alde apustu egiten du; udalerrian jarduerak sormenezko ADN berriztatzailean kokatzen badira eta, horretarako, Ekintzailetza Poloaren proiektua du. Enpresa berrien sorrera gure udalerri eta eskualdearen tokiko garapen-estrategian, ekonomiaren sustapenean elementu bat da, baita gizarte-kohesioa lortzeko ere”.

Haztegi honez gain Udalak, polo honen beste ekimen bat ere jarri du martxan aurten:  HABIAN! Fabrika kreaktiboa eta, bestetik, HABIAN! Teknologia kreaktiboa haztegiak.

Bide luzea

Alde guztien ustez interes estrategikoa du proiektu honek. Horregatik, hazkuntza-espazio berri hau abian jartzeko, 2014. urtean ekintzailetzaren eremuan lankidetza-hitzarmena sinatu zen Errenteriako Udalak, Oarsoaldeak, Tknikak eta Don Boscok.

Ekintzailetza proiektuak abian jartzeko orduan, azpiegiturak eta tresnak bultzatzearen helburua partekatzen dute alde guztiek eta denek uste dute prestakuntza-enpresa-lurraldea konexioa  oinarrizkoa dela eskualderako, hain zuzen ere, eraldaketa eta garapen-elementua baita.

Lau aldeek sinatutako hitzarmenean kokatuta, Errenteriako Udalak Tknikari eraikin hau laga dio Belabaratz-Tknika konplexuaren barruan, azken honek, Junior Expert programan, ekintzailetza sustatzeko ekintzak gauza ditzan. Bestalde, Oarsoaldeak, hitzarmen honen bitartez, gune honekin konpromiso hauek hartu ditu bere gain:

  • TKNIKA eta DON BOSCOk bultzatutako proiektuei laguntza osatzea eta, xede horrez, bertan kokatuak dauden pertsona ekintzaileei aholkularitza-zerbitzuak eskaintzea.
  • TKNIKA eta DON BOSCOren proiektuak OARSOALDEAKO pertsona ekintzaileen eta enpresen sarearekin harremanetan jartzea eta, alderantziz, eskualdeko pertsona ekintzaileei eta enpresei TKNIKA eta DON BOSCOren laguntza eta baliabideen berri ematea.
  • OARSOALDEAK bultzatu ondoren, taldeko dinamiketan, prestakuntzan, jardueratan eta ekitaldietan TKNIKA edota DON BOSCOk lagundutako pertsonen eta proiektuen partaidetza erraztea.