Datozen lau urteetarako Legegintzaldi Plana aurkeztuko dute azaroaren 28an

Karrikiri, Mendoza eta Basurto gaurko aurkezpenean
Karrikiri, Mendoza eta Basurto gaurko aurkezpenean

“Pertsonak, beren beharrak eta bizimodu ona izatea” egongo dira 2015-2019 Legegintzaldi Planaren erdigunean. Hala adierazi dute Julen Mendoza alkateak, Jaione Karrikiri alkateordeak eta Nagore Basurto gizarte zerbitzutako zinegotziak. Azaroaren 28an (larunbata) 12:00etan Merkatuzarren herritarrei plana aurkezteko ekitaldia egingo dutela eman dute jakitera gaurkoan.

Legegintzaldiko plan hau eta bertan bildutako proiektuak 2013an onartu eta aurkeztu zen Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren testuinguruan sortu direla adierazi du Mendozak.  Azken hori herriko esparru politiko, sozial, kultural eta ekonomikoko ordezkarien parte hartzearekin egin zen eta Mendozaren hitzetan, Errenteriako arazo estrukturalak gainditzeko tresna eman zien. Era berean, Mendozak esan du Legegintzaldiko Planak abenduaren 2an onartzeko aurkeztuko diren 2016ko aurrekontuak dituela oinarri.

Bost lan-eremu

Planaren xehetasunak azaroaren 28an egingo duten ekitaldian emango badituzte ere, plana bost lan-eremutan banatzen dela aurreratu dute. Horietako espazio bakoitza erronkatzat hartzen dutela gaineratu dute. Mendozak azpimarratu nahi izan du bost eremuek pertsonen bizi kalitatea alor guztietan hobetzea helburu dutela. Hauexek Udal Gobernu Taldeak banatu dituen lan-eremuak:

  • Garapen sozio-ekonomikoaren aldeko apustua egitea
  • Pertsonak babestea
  • Pertsonentzako ingurune egokia sortzea
  • Kreatibotasunean heztea eraldaketarako balio gisa
  • Pertsonei egokitutako administrazio berria sortzea

Gainera, bost erronka edo atal horien inguruan konpromiso zehatzak hartuko dituztela jakinarazi dute, zeinak proiektuen bidez gauzatuko dituzten. Proiektu horiek guztiek ere ekitaldian aurkeztuko dituzte.

Dinamikoa

Legegintzaldiko plana amaitzerako Plan Estrategikoko ia proiektu guztiak burutuak izango dituztela adierazi du Mendozak. Hori horrela, plan estrategikoak izaera dinamikoa eta bizia duela aipatu du Mendozak, eta bide horretan hurrengo lau urteetan plana lantzen jarraitu beharraz mintzatu da.