Kabia: espazio kreaktiboa. Zer da?

Ahalduntzea | Auzolana | Bidearen Bidean | HerriLab 2012-04-19 | 1

Espazio Kreaktiboa

Errenteria egiteko modu berri eta berritzailea da. Bertan, herriko eragile eta interesa duen herritar orok hartuko du parte, denei irekia den espazioa baita. Kreatiboa da, berria delako eta sortzea duelako helburu. Aktiboa da, berritzailea eta parte-hartzailea delako.

KABIA bera Pontika auzoan dagoen orube batean (Barandiaran parkea izango denean) jarriko dugun egitura arkitektonikoa izango da, 30×15 metroko azalera edukiko duena. Egitura horren pean egongo da KABIA, sormen eta elkarlanerako espazioa. Egitura bera lauzpabost hilabetez egongo da jarrita, baina Kabia iraunkor izateko bokazioz jaio da.

Lan horretan, bi gauza egingo ditugu: batetik, degradatua dagoen gune bat eraldatuko dugu auzotarrekin batera, hiriarentzat erabilgarri izango den leku bihurtu arte.

Bestetik, errenteriarrok, gure arteko elkarlanean, hiria egiteko beste modu bat martxan jar daitekeela erakutsi nahi dugu, oinarritik abiatu eta oinarrira iritsiko dena. Partehartzea, berdintasuna, eraldaketa, ahalduntzea, berrikuntza, eduki libreak edo auzolana izango dira Errenteria beste modu batera eraikitzen hasteko tresnetako batzuk.

Sustatzaileak

Donostia 2016, Arkitektura Kolektiboak eta Errenteriako Udala dira Kabia Espazio Kreaktiboa proiektuaren hasierako sustatzaile; eta hasierako direla azpimarratu beharra dago, ikusiko den moduan, errenteriar guztiak direlako proiektu honen benetako eragile eta benetako egile.

Arkitektura Kolektiboak taldea arkitekturaren inguruan lanean ari diren hainbat talderen bilkura da. Bertan M-etxea, Straddle3, Todo Por la Praxis, Toki, Lur paisajistak eta Landare taldeak biltzen dira. 2006an jaio zen, nagusiki Donostiako arkitektura eskolako irakasle eta ikaslez osatutako kolektibo gisa. Talde honek hiriko guneak arkitekturaren begiradatik modu proaktiboan ikertzen ditu. Bide horretan, erabili gabeko espazioen eraldaketara bideratuta dauden ekimenak antolatu eta garatzen ditu bereziki.

Donostia 2016 gipuzkoarrontzat eta Euskal Herriko gainerako lurraldeentzat berebiziko garrantzia duen proiektua da. Errenteriak bere ekarpena egin nahi dio ekimenari, bertan sustatzen diren elkarlana, parte-hartzea eta kultur eredua erabat ezkontzen direlako Kabia Espazio Kreaktiboak xede dituen balioekin. Elkarlana bultzatzeak, bi ekimenok elkar aberasteko balioko duen zalantzarik ez dugu.

Bilkura Merkatuzarren

Apirilaren 21ean, larunbata, nahi duten hiritar guztiak bilera batetara deituta daude 9:45etik aurrera Merkatuzarren. Bilkura honen helburua, hiru aste geroago, maiatzaren 11n, irekiko den Kabia Espazio Kreaktiboa abian jartzea izango da. Bilkura horretan hainbat lantalde osatuko dira Kabia Espazio Kreaktiboan lanari ekiteko:

Lantaldeak

  • Elkarbizitza
  • Kultura eta sormena
  • Teknologia berriak
  • Hirigintza

Lantalde hauetako eragile eta protagonistak errenteriarrak izango gara. Erabat irekita daude, eta guztion partehartzea eskatzen dute: proiektuak, ideiak, proposamenak, asmoak eta iritziak beharrezkoak dira. Eta hori bezain garrantzitsua dena: elkarlanean, proiektu eta ideia horiek errealitate bihurtzeko lanean hasiko gara.

Apirilaren 21eko bilkuraren egitaraua

09:45ean: Harrera Merkatuzarren

10:00etan: Proiektuaren azalpena Julen Mendoza alkatea eta M-etxea arkitektoek

10:30ean: Lantaldeetan banaketa.

11:30ean: Atsedena.

11:45ean: Lantaldeen bigarren bilkura.

12:30ean: Denak berriz elkartzea.

13:00etan: Amaiera.

 

Kabiaren irekitzea

Maiatzaren 11n egingo dugu irekiera ekitaldia. Bertara komunikabide guztiak zaudete deituta.

 

Trackbacks/Pingbacks

  1. Elkarbizitza herrietatik pausoz pauso egiten da - etzi.pmetzi.pm - 2015-11-16

    […] dokumentua, eta osatu dezagun, merezi du. [10] [1] http://herribizia.errenteria.eus/2012/04/19/kabia-espazio-kreaktiboa-zer-da/ [2] […]

Utzi erantzuna