Laikotasunaren aldeko adierazpenak aurrera egitea ekidin dute PSE, PP eta EAJren bozkek

Udal komunikabidea 2012-05-30 | 2

Errenteriako Udaletxean atzo izandako udalbatzarrean Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak aurkeztutako laikotasun instituzionalaren aldeko adierazpenak ez zuen aurrera egin gainontzeko taldeen kontrako bozka jaso eta gero. Puntu honek batzarreko eztabaida bizienak eragin zituen.

Guztira, plenoko gai-ordenean, lau proposamen eta bi mozio zeuden. Hoietariko lehenengoa Errenteriako Udalak eta Fiare Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatzearen aldeko ekimena zen, kreditu-kooperatiba bat (banku etikoa) sortzeko. Proposamen hau aho batez onartu zuen osoko bilkurak eta gauza bera egin zuen hurrengo bi proposamenekin: Alkatetzak 2012-05-14an emaniko dekretuaren bigarren atalaren berrespena, Udal honetako lanpostu-zerrenda aldatzeko, eta 2012. urterako Udal Kirol Patronatuaren lanpostu zerrenda aldatzeko.

Ondoren “Europako Gutunari emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako atxikitzeko eta bertan jasotzen dena betetzeko proposamenaren txanda ailegatu zen, eta honekin batera lehen eztabaida azpimarragarriak. Udal gobernu taldeak babesten zuen proposamen hau. Bilduko Garazi Lopez de Etxezarretak azaldu zuenez, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak hala eskatuta eta “emakumeek eta gizonek aukera berdinak izan ditzaten apustua egiten duelako” proposatzen zuten europear gutunari atxikipena.

PSEek, ordea, zuzenkea bat aurkeztu zuen proposamen honen inguruan, “forma eta eduki” arazoak argudiatuz eta “informe ekonomiko bat” eskatuz atxikipen honek izango lukeen kostua jakiteko. Bildutik proposamenarekin “borondate bat adieraztea” bilatzen zela erantzun zen. Bozketara eraman zuten proposamena bere osotasunean, Bildu, EAJ/PNV, PPek eta Errenteriako Ezkerrak babestu zutelarik. PSEek abstentzioa erabili zuen.

Hurrengo puntuan, Bildu eta Errenteriako Ezkerraren ‘laikotasunari buruzko adierazpen instituzionala: urrats bat gehiago gizarte demokratiko bateranzko’ proposamena mahaigaineratu zen. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerreko zinegotziak azaldu zuenez, adierazpen instituzional honen xedea “sinesmen guztien berdintasuna bermatzea” zen.

PPtik Jose Maria Herzogek “mozio ideologiko” baten aurrean zeudela zioen eta tradizio bat ezabatzeko nahia zegoela. EAJ/PNVko Maite Peñak, bere aldetik, proposamenaren xedea Udaleko ordezkari politikoek ofizialki Madalenetako prozesioan ez parte hartzeko ahalegina zela esan zuen.

PSEek proposamenaren zuzenketa bat eskatu zuen, bi puntu berri gehituz: batetik, estatu eta instituzio erlijiosoen arteko eztabaida publiko bat abiarazteko ekimena martxan jartzea, eta bestetik, prozesioan udal ordezkari politikoen presentzia ofiziala  mantentzea, joateko behartuta ez egon arren. Bilduko Luisma Diezek hartu zuen hitza eta laikotasunean erlijio faboretuak ez direla existitzen argudiatu zuen eta erdi-bide batetan ezin dela egon defendatu zuen: “edo laikoak gara, edo ez gara”.

Herritarrek hitza hartzeko aukera izan zuten ondoren. Bilgune Feministako ordezkariaren arabera, “herriak herriarentzako sortutako ekimen kulturalak babestea dagokio Udalari, ez beste interes batzuen funtsean diharduen erakunde pribatu batena”. Errenteriako emakume feministek erlijio katolikoaren “bitartez feminismoari eta emakumeen eskubideei etengabe eraso” zaiela gogorarazi zuten. Gay kolektiboaren izenean ordezkari bat mintzatu zen ere laikotasun proposamenaren alde, beste arrazoi batzuen artean, erlijio katolikoak “homosexualen kontrako gorrotoa” sustatu duelako.

Laikotasunaren aldeko kolektiboko ordezkari batek ere hitz egiteko eskubideari heldu zion. Pertsonen arteko berdintasuna estatu akonfesionalaren bitartez soilik bermatu daitekeela defendatu zuen eta elizak dituen abantailekin bukatzeko deia egin zuen.

Apaiza laikotasunaren alde

Azpimarragarria da ‘Joxi’ errenteriako apaizak egindako adierazpena. “Kristaua naiz eta apaiza naiz” esan eta “demokrazia eta laikotasuna bat datozela” adierazi zuen.

Prozesioari buruz,  herriak ez duela antolatzen azpimarratu zuen, “herriaren parte batek” baizik. Hortaz, “laikotasuna errespetatu behar bada, Udalak ezin du joan prozesio batera” horrek zinegotziei “jarleku berezi bat” jartzea suposatzen duelako.

Bukatzeko, kristauek “laikotasun horretan bizi nahi dutela” esan zuen ere bai. “Kristautasuna bere lekura etorriko baldin bada, eta utziko badio instituzio hierarkiko eta neurri batean kaltegarria izateari izango da laikotasun batetan bizitzera ohitzen bagara. Kristauentzat oso mesedegarria da mozio hau”.

Bozkatu baino lehen Julen Mendoza alkateak ausart izan behar dela esan zuen eta laikotasunaren aldeko apustua egin. “Pena ematen dit urrats hau emateko beharrezko ausardia ez edukitzeak”, gaineratu zuen. Bozkan PNV (2 bozka), PP (2) eta PSEek (6) gobernu taldearen proposamenaren kontra bozkatu zuten eta PSEek aurkezturiko zuzenketaren alde, Bildu (8) eta Erreteriako Ezkerrako (1) bozkak gaindituz bi kasuetan.

Garoña eta zaborrak

Eguzki talde ekologistak aurkeztu eta Bildu eta Errenteriako Ezkerrak sinatutako mozioa Garoñaren itxiera eskatzeko, eta Euskal Sozialistak udal taldeak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralari (PIGRUG) buruz aurkezturiko mozioak desadostasun nabarmenak  sortu zituzten ere.
Garoñari buruzko bozketan Bilduk, Errenteriako Ezkerrak eta PSEek alde bozkatu zuten (hala ere, PSEek 2. eta 3. puntuekin ados ez zegoela esan zuen) eta mozioak aurrera egin zuen.
PIGRUG hondakinak kudeatzeko planaren kasuan ezatbaida indarrarekin berpiztu zen. Mozioak, PSEko Joseba Etxarteren arabera, udalbatzarrak Gipuzkoako Aldundiari PIGRUG plana martxan jartzeko eskakizuna egiten zion, bostgarren kontainerra ezartzeko eskatzen zuen eta atez ateko bilketa ez jartzea martxan “ezta froga moduan” edo honi lotutako “ikerketa parte hartzaile edo promozio kanpaina gisan”. Modu berean, atez ateko  bilketarekin zerikusia izan lezakeen edozein erabaki osoko bilkuraren eskuetan uztea eskatu zuten.
Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasek mozioak koherentziarik ez zuela esan zuen. Bilduko Luisma Diezek parte hartzearen alde edo aurka egon behar dela esan zien PSEko ordezkariei eta kritika egin zien ikerketa bat egitearen kontra egoteagatik. “Zein da gaikako bilketaren inguruan eztabaidatzeari dagoen beldurra?”, galdetu zuen Diezek. Ostera, Europako Parlamentuak hondakinen birziklapea sustatzearen aldeko prentsa oharra erakutsi zuen, 2020rako birziklagarriak diren materialen errausketarekin bukatzea eskatzen duena.”Guk arazoari konponbidea bilatzen diogu eta zuek gure konponbideari arazoak”, gaineratu zuen Bilduko zinegotziak.
EAJ/PNVek Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak defendatzen duten jarrera Udaletxearen gehiengoaren jarrerarekiko ezberdina dela esan zuen. Julen Mendoza alkateak, bere aldetik, gai hau udalbatzarrean mahaigaineratzen zen laugarren aldia zela gogorarazi zuen eta PSE, PNV eta PPek hondakinen bilketaren aferaren “politizazioa” lortu nahi dutela argudiatu zuen. “Europako Parlamentuak %80a birziklatu behar dela badio, maila horretara nola iritsi da kontua”, esan zuen Mendozak.
Bozketan Bilduk eta Errenteriako Ezkerraren kontrako bozkak ez ziren nahikoa izan gainontzeko alderdien aldeko bozken aurrean, eta beraz, mozioak aurrera egin zuen.

Batzarrak 2 ordu eta 45 minutu inguruko denbora iraun zuen eta aipatu beharra dago PNV/EAJko eta PSEko zinegotzi bana ezin izan zirela saiora bertaratu.

No comments yet.

Utzi erantzuna