Sahara Korrika, elkartasun Lasterketa Errenterian

Irailaren 16an Mendebaldeko Saharako herriarekiko elkartasun lasterketa bat egingo da Errenterian. Nazio honek hiru hamarkada baino gehiago daramatza herbestean, Marokoko erregimenak bere lurraldea militarki okupatu zuenetik, eta sahararren eskubideak behin eta berriz urratuak izan dira.

Lasterketak Sahara Korrika izena hartu du eta Kabia Espazio Kreaktiboan sortutako ekimena da. Antolakuntzan Udal Kirol Patronatuak eta CAR club atletikoak parte hartzen dute.

Proba ez da izaera lehiakorrekoaa izango eta bost kilometro ingurukoa izango da, ibilibidea guztiz laua izango delarik Errenteriako kaleetan zehar.

Lasterketa 12:00tan abiatuko da Kabiatik, Pontikako Barandiaran Plazan kokatzen dena. Hona ibilibidea: Maria de Lezo, Madalena, Herriko Plaza, Santa Klara, Fanderia, Gabierrota, Etxe Berriak, Olibet, Iztieta (bidegorritik), Niessen eta Kapitainenea. Puntu hau eta gero, Herriko Plazara itzuliko dira eta bertatik Kabiara bueltatuko dira aurretiaz egindako bide beretik.

Izen-emateak

Izena Kabian bertan eman ahal izango da lasterketaren egun berean, 11:00etatik aurrera. Horretarako parte hartzaile bakoitzak bost euro jarri beharko ditu Saharar herriarentzat eta, trukean, kamiseta bat emango zaio.

Gainera jaima saharar bat egongo da Kabian eta bertan te dastaketa bat eskainiko da.