Arramendiko Baratze Parkeko erabiltzaileen inguruko “sondeoa” egingo du Udalak

Auzoak | Jasangarritasuna | Landa garapena 2013-03-08 | 2

UDALAK “SONDEO” BAT EGINGO DU JAKITEKO ZEIN IZAN DAITEZKEEN ARRAMENDIKO BARATZE PARKEAREN BALIZKO ERABILTZAILEAK

Dagoeneko jakina den bezala, otsailaren 26an egindako Udalbatzak hasiera batez onartu zuen “Errenteriako baratze sozial eta ekologikoak adjudikatu eta kudeatzeko erregelamendua”.

Errenteriako Baratze Parke proiektua Arramendi mendian gauzatuko da. Baratze horiek Kutxa EKOGUNEAk sustatzen duen Baratze Parke Sarea baratze sarearen baitan kokatzen dira. Proiektua Kutxa EKOGUNEA eta ERRENTERIAKO UDALAren arteko finantzatutakoa da.

Parkeak 73 partzela ditu, 90 m2, 60 m2 eta 30 m2-koak. Adjudikazioa zozketa bidez egingo da eta zozketan parte hartzeko Errenteriako Udalean sortu den erregistroan eman behar da izena. Onartu berri den erregelamenduak adjudikazioa eta baratzeen kudeaketa arautuko duten jarraibideak markatzen ditu. Beste alde batetik, hainbat printzipio ezartzen ditu baratzeen funtzionamendua arautzeko:

1. Kontserbazioa eta mantentzea: Baratze Parkearen erabiltzailearen betebehar nagusiena da uzten zaion lur zatia behar bezala zaintzea eta mantentzea. Horren erabileran behar adinako arreta jarriko du, lurrak osasungarritasun-baldintzak, apainketa eta lanketa izan ditzan.

2. Instalazioak erabiltzerakoan besteekiko begirunea izatea: baratze ekologiko baten adjudikazio-hartzaile den edonork saihestu beharko du bestei eragozpen, kalte edo galerak eragitea

3. Nork bere burua hornitzea: lurraren emaitzak, baratzetan ereitetik sorturikoak, norberak edo familia-unitateak soilik kontsumitu ahal izango ditu, eta inola ere ezin izango dira erabili etekin ekonomikorik lortzeko.

4. Ingurumenaren aldeko neurriak : baratzeen erabileraren onuradunek ezingo dute ongarritzeko produkturik erabili, ezta produktu fitosanitariorik ere. Izan ere, lurrean kalte izugarria eragin lezakete, lurrak eta egon daitezkeen akuiferoak kutsatuz, betiere laborantza araudi honetan azaldutako baldintza zorrotzetan nekazaritza ekologikoko sistemak jarraituta jardungo dute.

Beste alde batetik, ezartzen da erabiltzaileek elkartea eratu eta kanon bat ordaindu eta fidantza bat jarri behar dutela baratzeen mantentze-lanen ondorioz gastuetan laguntzeko.

a) kanona: 45 euro 30 metro koadroko baratze bakoitza erabiltzeagatik (urteko)

b) kanona: 90 euro 60 metro koadroko baratze bakoitza erabiltzeagatik (urteko)

c) Fidantza: 100 euroko fidantza bat jarriko da herri jabariaren erabilera egokia egiten dela bermatzeko. Fidantza hori itzuli egingo da adjudikazioa behin betiko amaitzen denean, baldin eta erretenitzea eragiten duen arrazoirik ez badago.

Interesa izan lezaketen pertsonen artean hasierako sondeoa egiteko, José Manuel Ferradas Mendi eta Ingurumena departamentuko zinegotziak partzela baten adjudikazio-hartzaile izateko interesa duten eta Errenterian erroldatutako pertsona guztiak gonbidatu nahi ditu (gutxienez urtebetez erroldatuta daudenak) horretarako Udaletxean sortuko den erregistroan izena eman dezaten (Mendi eta Ingurumena Saila, 3. solairua) martxoaren 11tik 22ra.

OHARRA: Litekeena da pertsona batzuek dagoeneko hilabete hauetan zehar izena eman izana. Horrela bada, ez da beharrezkoa berriro ematea, baina bai komeni da departamentuarekin harremanetan jartzea adierazteko 30 eta 60 metro koadroko baratzea nahi duten. Harremanetarako telefonoa:943 449603.

No comments yet.

Utzi erantzuna