Mintzagun Jaia egingo da larunbatean Errenterian

mintzagun-jaia

Oarsoaldeko euskara ikasleen lehenengo jaia eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 18:00etara egingo da Zumardian.

Euskara ikasten ari direnei erabiltzeko aukerak eta guneak erraztea helburu duen Mintzagun egitasmoaren testuinguruan antolatu dute egun osoko festa eskualdeko euskaltegiek, Lau Haizetarak eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.

Jaiari, gustu guztietarako ekintzak izango dituenari, eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera Errenteriako udaleko euskara zinegotziak herrira hurbildutakoei Zumardian egingo dizkien ongietorri hitzekin.

12:30etan Herriko Enparantzatik parte zaharrean barrena bi bisita gidatu abiatuko dira eta handik ordu erdira beste bi. Bisita hauek Errenteriako udal euskaltegiko eta Xenpelar AEK-ko bina ikaslek gidatuta egingo dira.

Era berean, 12:30ean ere Flashmoba egingo da Zumardian, Irrien Lagunak Oarsoaldean kantuarekin eta dantzarekin.

13:30ean Triki-poteoa hasiko da zumardiko tabernetan barrena.

14:30ean, herri bazkaria egingo da zumardian paella erraldoi baten bidez. Paella eta postrea nahi dituenak aurrez erosi beharko du Mintzagun zapia euskaltegi batean edo zumardiko tabernaren batean. Zapiak paella eta postrea hartzeko eskubidea emateaz gain, Kerala, KB, Arkaitza, Reyna, Laket, Haizea eta Touring tabernetako beherapenak, onurak eta eskaintza bereziak baliatzeko aukera emango du.

Bazkalondoan Iñaki Labakaren kantaldia izango da, eta bertaratutako guztiek kantuan aritzeko aukera izango dute.

Antolatzaileek festa honetan parte hartzera deitu nahi dute eskualdeko jendartea. Giro ederrean eguarte-arratsalde polita pasatzeko aukera izango baita, aspaldiko lagunak ikusi eta euskaraz gozatzeko.