Gobernu taldeak bi urteko agintaldia baloratu du: “Aldaketa markatzen ari gara”

 IMG_0977

Udal Gobernu Taldeak legegintzaldiaren bi urtetako balorazioa aurkeztu zuen ostegunean Merkatuzarren.

Hasteko, Julen Mendoza alkateak hartu zuen hitza eta gutxiengoan dagoen gobernua izanik gobernu sendoa dela eta gainerako talde politikoekin akordioetara iristeko gai izan direla azaldu zuen. Gainera, “erabaki estrategikoak hartzeko eta beraz, gobernatzeko gaitasuna” izan dutela azpimarratu zuen, “gardentasunean, herritarren parte-hartzean eta herritarrenganako gertutasunean oinarritutako politika” egin daitekeela erakutsiz.

Mendoza pozik agertu zen legegintzaldiaren hasieran adierazitakoa betetzen ari direlako: “Aldaketa markatzen ari gara. Gizartearen gehiengoari erantzun nahi dion aldaketa, gizarteak uste baitu badagoela gobernatzeko eta politika egiteko beste modu bat”.

Jarduteko, kudeatzeko eta akordioak erdiesteko gaitasuna ere nabarmendu nahi izan zuen: “Gobernu Talde honek Udalbatzara eraman dituen ia proposamen guztiak aurrera atera ditugula esan daiteke”.

Alkateak konbentzimenduz esan zuen legegintzaldi honek “lehenaren eta orainaren arteko aldea markatuko duela Errenteriako udal politikan” besteak beste Errenteria 2025 Plan Estrategikoari esker. Prozesu honetan 1.000 pertsona inguruk esku hartu dute eta “horren emaitza gisa 2015erako nahi dugun Errenteria marraztuko duen agiria bukatzekotan gaude”.

Erabaki estrategikoen artean, mahai gainean dago Errenteria Kultur eta Sormen gune egiteko proposamena, industria astunaren gainbeheraren aurrean alternatiba gisa planteatu dutena.

Mendozak udal politika aldatzeak herritarrengandik gertu dagoen politika eskatzen duela ohartarazi zuen: “Horrexegatik, 2011ko udazkenean auzoetan lehenengo bilera erronda bat egiteari ekin genion”. Eta honekin batera zera iragarri zuen: “udazkenean auzoetara itzuliko gara”.

Kabia izan zen alkateak nabarmendu nahi izan zuen beste prozesu parte-hartzaileetako bat: “Proiektu arrakastasua izan da, izan ere 2.500 pertsonak hartu dute parte eta 60tik gora ekintza barne hartu ditu”.

Bukatzeko, ardatz bereziki garrantzitsua, baina era berean delikatua, normalizazio eta berraskidetze politikoarena izan dela esan zuen, eta horren puntu gorena Eraikiz zine zikloa izan dela: “Gai honetan Udaleko Alberdi politiko guztiena izan da meritua, eta ez dugu honi dagokionez inolako protagonismorik geureganatu nahi. Argi eta inolako beldurrik gabe baiezta dezakegu legegintzaldi honetan markatutako inflexio puntua ez dagokiola soilik Gobernu Taldeari, kasu askotan Udaleko indar guztiei baitagokie”.

Zinegotzien txanda

Mendozak Irune Balentziaga zinegotziari eman zion hitza. Berak ere, Kulturari dagokionean, Kabia proiektuari erreferentzia egin nahi izan zion, izan ere, honi esker, oraindik ere martxan dauden dinamikak sortu baitziren. Jai Batzordeari eta Irrien Lagunak proiektuari buruz ere hitz egin zuen. Hezkuntzaren inguruan aritu zen gero eta Eskola Kontseiluaren zirriborroa adostea lortu dutela aipatu zuen. Euskarari buruz, hizkuntza irizpedeen inguruan emandako urratsak eman azpimarratu zituen eta baita UEMA, Eusko Ikaskuntza eta hainbat Udalekin batera komunitatea lantzeko proiektuaren zirriborroa.

Jose Manuel Ferradas Ingurumen gaiez mintzatu zen lehendabizi. Landa eremuetan egindako hobekuntzak, gune ezberdinetako ingurumenaren berriztapena, Arramendiko herri-baratzak eta gai honen inguruan ekintzak garatzen dituzten elkarteei eskainiko zaizkien dirulaguntzak nabarmendu zituen. Energia jasangarriaren gaineko planaren, udalak onetsitako alkateen paktuaren eta hondakinen prebentziorako planaren berri eman zuen gero. Inmigrazioari dagokionean, dibertsitate mahaiaren eta harrera programentzako protokoloaren sorrera aipatu zituen.

Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak berriki onartutako II. Berdintasun Plana izan zuen mintzagai. Oarsoaldeko Berdintasun Mahaiaz eta eskualde mailan jaietan parekidetasuna sustatzeko egindako hausnarketaz ere aritu zen. Horrez gain, herriko emakumeen ahotsa eta aztarna errekuperatzeko ekindako lana azpimarratu nahi izan zuen.

Jon Txaskok hartu zuen hitza ondoren, eta hasteko, Ogasuna izan zuen hizpide berak.Hainbat ordenantza fiskal bere horretan utzi dituztela eta ohikoak ez diren etxebizitzei errekargua ezarri dietela adierazi zuen. Gizarte Ongizateari dagokionez, Errenteria Gipuzkoa mailan gizarte laguntzak murriztu ez dituen udalerri bakarrenetakoa dela nabarmendu zuen eta departamendu honetako aurrekontua %6an handitu dutela. Erretiratuen elkarteekin egindako Ateak Zabalduz jardunaldien arrakasta ere aipatu zuen. Trafiko eta Garraioaren inguruan, Mugi sistemaren ezarpena eta bidegorrian egindako lanak azaldu zituen eta auzo batzarretan jasotako iradokizunei jarraiki bost markesina eta autobus geltoki berriak ere ezarri dituztela, besteak beste.

Alazne Korta, Lehendakaritza eta Barne Erregimen zinegotziak, bere aldetik, herritarentzat gertuagokoa eta eraginkorragoa den administrazioa azaldu zuen helburu moduan eta zenbait udal departamenturen berregituraketaz hitz egin zuen. Udal eraikinen lagapenen azterketari egin zion erreferentzia, Ondareari dagokionean.

Gazteriaz jardun zuen Unai Unsuainek eta gazte lokalen inguruan egindako prozesu parte-hartzailea azpimarratu zuen. Honi esker, herriko gazteak gertutik ezagutu ahal izan dituztela jakinarazi zuen eta ateratako ondorioekin protokolo eta ordenantza bat sortuko dituztela.

Bukatzeko, Luisma Diez Hirigintza zinegotziak Parke eta Urdaburu kaleetako eta Basanoaga eta Sorgintxuloko igogailuak bukatu dituztela jakinarazi nahi izan zuen, eta Galtzarabordako garajeak amaitu dituztela. Ur zikinak eta euri urak banatzeko egindako lanak ere aipatu zituen eta Gaztañon egingo diren babes ofizialeko 30 etxebizitza. Hiri mantenuari dagokionez, motorra auzo batzarretan jasotako iradokizunak izan direla komentatu zuen; horrez gain, erretiratuen zenbait elkarte eraberritu dituzte eta ikastetxeetan ezinbestekoak ziren beharrei erantzuna eman diete. Zenbait aparkaleku-gunetan egindako hobekuntzez, Goiko kalean, Parke kalean eta Gabierrotako zubian egindako ez-labaintzeko tratamenduaz, Ermitaren zaharberritzeaz eta energia aurrezteko hartutako konpromisoaz ere hitz egin zuen.