Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta Iñaki Tolaretxipi omenduko ditu Udalak aurtengo Madalenetan

Aurten, Errenteriako Udalak Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta Iñaki Tolaretxipi omendu nahi ditu eta beraiei eskaini die, beraz, 2013ko Madalenei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko aukera: Tolaretxipi bera eta Iñaki Badiola, konpartsaren izenean, izango dira egiteko honen arduradun. Biak ala biak oso pozik agertu dira berriarekin eta hala erakutsi dute bideo honetan jaso ditugun hitzetan.

Udalaren esanetan hainbat arrazoi dago omenduei merezitako gorazarrea egiteko: “Xanti eta Maialen erraldoiak eta konpartsa, herriko jaietako bereizgarrietako bat bihurtu dira azken urteotan. Konpartsaren inguruan sortutako ekimenak, dinamikak eta sentimenduak izugarriak izan dira. Euren kalejira eta dantzak jende asko eta asko erakartzen du eta egun, ezin dugu imajinatu Xanti eta Maialen gabeko Madalen jairik”. 1919. urtean atera zen lehen aldiz konpartsa eta ordutik udal txistulari taldearen laguntza izan du gaur egun arte. Horrexegatik, “gure herriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari eta bereziki horien atzean urte askoan ibili den eta dabilen lagun taldea omentzeko garaia iritsi dela deritzogu”.

Iñaki Tolaretxipi ere omenduko du aurten Udalak. Bere sorreratik Landarbaso abesbatzaren zuzendaria da bera eta nazioarte mailan lortu dituen sariekin “gure herriaren izena mundu mailan hedatzea lortu du”. Errenteriako kultura musikalari egin dion ekarpenagatik jasoko du berak omenaldia.

Iñaki Tolaretxipi_800x1067

Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako bi kide_800x1067