Kontsumo jasangarriaren inguruko ikasleen proposamenei erantzun zien alkateak

Eskola agenda 21Herriko zazpi ikastetxetako ia 4.000 ikaslek kontsumo jasangarriaren gaia aztertu zuten iazko ikasturtean zehar Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan, eta atzo, hilak 22, lehengo urteko ikasturtean Udalari egindako proposamenei erantzun bat eman zien Julen Mendoza alkateak.

Cristobal Gamon LH, Koldo Mitxelena BHI, Langaitz LH, Langaitz BHI, San Jose Gurutzearen Alabak, Don Bosco eta Telleri ikastetxeetako ordezkariak Udaleko Pleno Aretoan eseri ziren Julen Mendoza alkateak eta hainbat zinegotzik esan behar zutena entzutera.

Ikasleek egindako proposamenak kontsumo jasangarriaren lau esparru ezberdinetan oinarrituta zeuden: Energia, Ura, Biodibertsitatea eta Hondakinak. Hala, gai bakoitzaren barnean egindako proposamen bakoitzari erantzun zion Udalak. Proposamenen artean eguzki plakak, uraren kontsumoa kontrolatzeko sentsibilizazio kanpainak, espezie inbaditzaileen kontrola eta hondakinen kudeaketaren inguruko informazioa eskuragarri jartzeko eskaerak zeuden.

Mendozak esan zuen Energia Iraunkorraren Ekintza Plan bat garatzen ari direla, Añarbeko mankomunitateak eta Ekoguneak uraren kontsumo eta kalitatearen inguruan hainbat kanpaina abian jarri behar dituztela, biodibertsitatea mantentzea oso garrantzitsua dela edo Añarbeko erreserbaren izendapenari garrantzia eman nahi diotela, besteak beste.

Gainera, hondakinen gaiari dagokionez, prebentzio plan bat garatzen hasi direla azaldu zuen alkateak, Fanderia, Gaztaño eta Agustinasetan auzo konposta guneak ipintzeko.

Azkenik, eta saioa amaitzeko, aurten Kontsumo Jasangarriari jarraipena emateko landuko diren materialen aurrerapen bat eskaini zieten bertaratutako guztiei.