Zinemarako sarrera eta kafea 2,40 euroan eskuratu ahalko dituzte erretiratuek

 

Zinema zabalduz_800x450Erretiratuentzat eskuragarriagoa izango da zinemara joatea hemendik aurrera. Izan ere, Errenteriako Udalak, erretiratuen elkarteek eta Niessen zinemek ekimen interesgarria jarri baitute abian. Horren arabera,  bi ostegunetik behin, kafea eta zinemarako sarrera 2,40 euroan eskuratu ahal izango dute erretiratuek. Horretarako, baina, baldintza bakarra ezarri dute: udal erretiratuen elkarteren bateko txartela aurkeztu beharko dute sarrera erosterakoan.

Hala azaldu zuten Zinema zabalduz zikloa aurkezteko ostegunean egindako agerraldian Jon Txasko Ongizate zinegotziak eta Sandra Martinez Niessen zinemetako ordezkariak, herriko erretiratuen elkarteko hainbat ordezkari lagun zituztela.

Ekimenak bi helburu dituela adierazi zuen Txaskok. Alde batetik kultura hirugarren adinari hurbiltzea eta bestetik,  gizarte elkarrekintzarako guneak sortzea: “Gaur egun bizi ditugun krisi garai hauetan ezaguna da gastuak gehien murrizten diren guneetako bat kultura izaten dela; izan ere, lehenengo begiratu batean ez da horren agerikoa gure bizitza kalitateari eskaintzen dion onura, batez ere ikuspegi emozionaletik begiratuta. Horregatik uste dugu garai hauetan bereziki sustatu egin behar ditugula gure imajinazioa elikatu eta itxaropenari ateak irekiko dizkioten guneak. Zinema, jarduera kultural eta ludikoa denez, bi aldiz eraginkorra da”.

Zentzu honetan, harremanetarako espazio komunak sortzea “gure bizitza kalitatea hobetzeko elementu oso garrantzitsua” dela eta horregatik, “filma proiektatu aurretik kafea elkarrekin hartzeko gune bat” jarriko dutela esan zuen zinegotziak.

Ostegunetik aurrera

Filmak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira baina ordu erdi lehenago, 17:30ean, eskainiko dute kafea zinemetako harrera gunean. Septimo filmak zabalduko du zikloa datorren ostegunean, hilak 14. Patxi Amezcua nafarrak zuzenduta, Argentinarekin elkarlanean ekoiztutako pelikula da eta Martinezen arabera, estreinaldien artean horretarako egokiena izateagatik aukeratu dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude baina egunean bertan ere izango da eskuratzeko aukerarik. Horretarako, filma hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute salmentarako leihatila, hau da, 17:00etan. Datozen emanaldietarako sarrerak ere emanaldia aurreko asteko asteazkenetik egongo dira salgai.

Zinema zabalduz ekimen honetarako Niessen zinemetan dagoen bigarren aretorik handiena erabiliko dutela jakinarazi du Martinezek, 230 lagunentzako tokia duena.