Euskal hiztun komunitatea trinkotzeko egitasmoa jarri dute abian Errenterian

Dikoma

Euskararen aldeko diskurtso berri baten premiaz eta euskal hiztunen komunitatea trinkotzearen beharraz jabetuta, Dikoma egistamoa jarri dute abian Errenterian, Udalaren eskutik.

Honen arabera, lehen fase batean, Errenterian bertan hitz egiten diren hizkuntzei buruzko irudipenak aztertu dituzte, eta horiekin eta hizkuntz ekologiak ematen dituen argudioekin dinamizazio joko bat prestatu dute.

Euskara departamentutik adierazi dutenez, hainbat herritarren laguntzari esker, egindako lana praktikan jartzen ari dira.  Horretarako, hiru saio egingo dituzte guztira. Lehendabizikoa, azaroaren 21ean izan zen eta hainbat herritarrekin jokoa probatu zuten. Abenduaren 13an egin zuten bigarrena. Bertan, arlo desberdinetako 25 eragile inguru bildu ziren, euskaldun zein gaztelaniadunak, jokoaren bidez hizkuntzarekin izan dituzten esperientziak partekatzeko. Irakaskuntzak, euskaltegiek, kirol munduak, euskalgintzak, kultur elkarteek… izan zuten ordezkaritza. Ondorioak ateratzea izango da, ordea, azken saioaren helburua eta hori urtarrilean egingo dutela esan dute.

Dikoma

Dikoma Proiektua Eusko Ikaskuntzak, Soziolinguistika Klusterrak, Elhuyarrek, Topaguneak eta UEMAk jarri zuten abian 2012ko abenduan eta lau udalerritan ari dira garatzen: Zumaia, Oñati, Bermeo eta Errenterian.

Egitasmoa, hizkuntza-ekologian oinarritzen da, hau da, hizkuntzen eta hizkuntza hauek hitz egiten diren ingurumenaren arteko harremanak aztertzeko markoan. Honetatik abiaturik, ekosistema bakoitzean dauden hizkuntzen arteko ukipen-egoerak aztertu, dauden bizikidetza arazoak detektatu eta kudeaketa eredu orekatzaileak eta praktika ekologikoak proposatzen dira.