Erromeria Eguna: Herritarrak dantzan jartzeko dena prest

Kultur aniztasuna | Kultura | Madalenak | Sareak 2015-07-14 | 0
erromeria_eguna_aurkezpena

Ezkerretik eskuinera, Juantxo Maya, Mila Alberro, Junkal Mintegia, Maider Ubarretxena, Zarika Pascual, Jon Bengoetxea, Alain Maya eta Maialen Oregi.

Uztailaren 18an ospatuko da Errenterian Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, Erromeria Eguna. Herritarrak plazara gerturatzea da antolatzaileen esanetan jaialdiaren helburua eta horretan dihardute azken 16 urteetan, aurtengoa 17.edizioa denez. Herritarrak dantzan jartzeko xedea lortu dute gainera, Alain Maya Ereintza Dantza Taldeko kideak azaldu duenez, “oso errotuta dagoen” ekimena baita honakoa, herriko “egutegian markatutako data bat”. Horrez gain, urtero jende gehiago animatzen dela dantzara nabarmendu du Juantxo Mayak eta, neurri batean, horrelako jarduerei esker geroz eta jende gehiagok ematen duela ikastaroetan izena, gero, plazan gozatzeko asmoz.

Aurtengoan ere ekitaldiz beteta dator eguna, Junkal Mintegia Errenteriako Udaleko kultur dinamizatzaileak, hain zuzen ere, egitarau hori nabarmendu du, eta Ereintza Dantza Taldeak egindako lana eskertu.

Izan ere, goizetik hasiko da Errenterian festa, 10:45eko dianarekin batera, eta eguna amaitu arte jarraitu du dantzak eta musikak herriko kaleetan. Diana, hain zuzen, jairako deia dela nabarmendu du Maialen Oregi musikariak.

Eguardian egingo den bazkari herrikoia iritsi arte indarrekin jarraitzeko asmoz, hamaiketakoa egingo dute Koldo Mitxelena Plazan 11:30ean. Ondoren, 12:00etan Kalez kale jantziko dute musikari eta dantzariek Errenteria.

13:30ean, Gamon Zumardian egingo den Euskal Dantza Taldeen saioarekin emango diote segida egitarauari. Aurten, Iurretako Mikel Deuna Dantza Taldea gonbidatu dute, modu horretan, errenteriarrek beste leku batzuetako dantzez ere gozatuko dute.

Goizeko egitarauarekin amaitzeko eta arratsaldeko ekintzei begira indarrak hartzeko, bazkari herrikoia egingo dute 14:30ean Koldo Mitxelena plazan. 500 lagun ingururentzat prestatuko dute jana eta edana. Lan horietaz arduratuko da Mila Alberrok, eta “jai giro aparta” egongo dela ziurtatu du. Txartelak salgai daude Ereintza Elkartean, Arkaitza Tabernan, Belen Gozotegian eta Paki Dietetika Zentroan, 15€-tan eskuratu daiteke helduena eta 10€ren truke, haurrena. Menua, berriz, piper beteak piquilo saltsan, espaguetti trazionalak tomate eta txistorrarekin, oilasko izterrak saltsan barazkiekin, jogur krema fruitu gorrien saltsan, kafea eta edariaz osatuta egongo da.

Arratsaldean segiko du festak, 18:00etan Erromeria Nagusia egingo baitute Gamon Zumardian. Jon Maia bertsolariak emango dio hasiera ekitaldiari eta Alkarkide, Ernioko Magalean (Juan Mari Beltran, Errege Belda, Antoitz Antzizar) eta Aiko Taldeak jarriko dute musika eta giroa. Izen hauetaz gozatzeko parada izatea nabarmendu dute antolatzaileek festa pizteaz gain, dibulgazio lanak egiten baituzte parte-hartzaileek dantzen ingurukoak ikasi eta haietaz gozatzeko. Era berean, talde hauek, irrikitan daudela Errenterian jotzeko azpimarratu dute, biltzen den jende kopuru handia ikusita.

Erromeria Egunean parte-hartzeko deia egin dute, hortaz sustatzaileek, herritar guztiak dantzara animatuz. Jaialdiaren magia hori baita, Alain Mayak nabarmendu duenez, jendearekin egon eta ondo pasatzea.

Errenteria Dantzan

Erromeria Egunaren biharamunean ere dantzak izango du bere lekua herrian, uztailaren 19an egingo baitute aurten Errenteria Dantzan ekimena. Aurreko urteetan gonbidatu atzerritar bakarra eduki izan dute baina aurten bi talde bisitari izango ditugu Errenterian: Zeelanda Berriko NGA URI TE WAI-O-TAIKI eta Senegalgo Ballet Jammu.

18:30ean aipatutako bi taldeek, Ereintza Dantza Taldearekin batera  desfilea egingo dute Gamon Zumarditik abiatuta. Bertan amaituko dute eta han egingo dute ondoren ekitaldia, 20 minutuko dantza emanaldiez osatua (Zeelanda Berriko NGA URI TE WAI-O-TAIKI- Ereintza Taldea- Senegalgo Ballet Jammu- Amaitzeko, Ereintza Dantza Taldea berriz).

Ereintzako Zarika Pascualek eta Maider Ubarretxenak azaldu dutenez, Zeelanda Berritik datorren taldeak kultura maoriaren baitako ikuskizuna eskainiko du, aintzinako tradizioak dantzekin uztartuz. Senegalgo Ballet taldearen ospea ere nabarmendu dute, kultura eta etnografia balletarekin nahastuz sari ugari lortu baituzte.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna