Kulturen arteko fusioa izan da 2. Atlantikaldiaren bereizgarria

0143_atlantikaldia

Kulturako zinegotzi Ion Collar eta Atlantikaldiako zuzendari Laura Landa komunikabideen aurrean agertu ziren atzo, hilak 22, Atlantikaldiaren bigarren edizioaren balorazioa egiteko. Azpimarratu zuten edizio honetan bete dela hasi aurretik finkatutako helburua, hain zuzen ere kultura desberdinen arteko benetako fusioa bilatzea; eta eskerrak eman zizkieten herritarrei jaialdian izan duten inplikazioagatik.

Zinegotziak eta zuzendariak lehen balorazioa egin nahi izan dute berehala, jaialdia amaitu eta bi egunera. Lehen balorazio hau beste balorazio sakonago batekin osatuko da laster, kulturako, merkataritzako eta ostalaritzako eragileekin kontrastatu bezain laster.

Ion Collarek gogoratu zuenAtlantikaldiaren sorrerako helburua, eta esan zuen “herriaren memoria berreskuratzeko ariketa kolektiboa zela. Izan ginena berreskuratzea, zer garen ulertu ahal izateko. Kontzientzia berreskuratzeak ahalbidetuko digu etorkizuna eraikitzea”. Bigarren edizio honen xedea zen udalerriko kolektiboen kulturarteko harremanetan sakontzea, bai eta Atlantikaldian parte hartu duten jatorri desberdinetako artisten artekoetan ere. Horregatik zen edizio honen izenburua “Itsas elkarrizketak”, jaialdi honen helburua delako balio erantsia eta bereizgarria ematea: kulturen arteko fusioa.

Zuzendariaren hitzetan, beste elementu positibo bat izan da kultura-eragileen parte-hartzea; iaz 50 jarduera egin ziren eta, aurten, 80. Parte-hartze kuantitatibo handiaz gain, kualitatiboa ere azpimarratu behar da, ekarpenak kalitate handikoak izan baitira. Bestalde, kontzertuetarako, aurten bi eszenatoki nagusi izan dira. Horren inguruan azpimarratu behar da Herriko Enparantzako eszenatokiak harrera ona izan duela.

Laura Landak adierazi zuen Jaialdiaren izaera definitzen ari dela edizioek aurrera egiten duten heinean. “Horri dagokionez, aipatu behar da Jaialdiko publiko nagusia familiak direla gehienbat, eta horrek Atlantikaldia eguneko jardueretara bideratzen duela gauekoetara baino gehiago”. Adierazi zuen aurten proba gisa azken kontzertua 23:30erako ezarri zela eta ez zela bat etorri publikoaren eskaerarekin. Halaber, Atlantikaldiako zuzendariak adierazi zuen jaialdira bertaratu direnen iritzia aztertuko dutela, jaialdiaren etorkizuna are gehiago definitzeko.

Jaialdiko bisitarien kopuruari dagokionez, Kulturako zinegotzi Ion Collarek adierazi zuen “lehen kontzertuan ikusle asko izan zirela, Kalakan eta Dobet Gnahorérenean, 2.000 pertsona inguru gerturatu baitziren; amaiera ere bikaina izan zen, Carlos Nuñezen kontzertuan 4.000 pertsona bildu baitziren”. Halaber, azpimarratu du ekitaldi gehienek parte-hartze handia izan dutela eta bisitarien kopurua, oro har, iazko antzekoa izan dela. “Hala ere, kontuan izanda helburua zela bisitarien kopurua handitzea, azterketa eta hausnarketa egingo ditugu, 2016rako datuak hobetu ahal izateko”.

Ildo horretan, Ion Collarek aurreratu zuen “datorren urtean DSS2016ren enbaxada ibiltariak, TOSTAk, Atlantikaldian izango duela amaiera”. Itsas garraioko edukiontzi batzuk Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia eta Kornuallesen barrena ibiliko dira. Edukiontzi horiek izango dira Europako aniztasun linguistikoa eta kulturala ospatzeko eta komunitate horien arteko lankidetza ezagutarazteko portu bakoitzean antolatuko diren jaialdien eszenatokiak. Atlantikoko kosta zeharkatu ondoren, Tostak Atlantikaldian amaituko du bere ibilaldia.

Kultura zinegotziaren hitzetan, proiektuaren kalitateak eta filosofiak agerian uzten du Atlantikaldiak jauzi nabarmena egingo duela hurrengo urterako. Eta jauzi horrexek lagunduko digu Errenteria Europako mapan kokatzen kulturako erreferentziako puntu eta nortasun propioko herri gisa.

Azkenik, Ion Collarek eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei jaialdian izan duten parte-hartzeagatik eta tokiko kultura-eragileen lana azpimarratu du bereziki, haien parte-hartzea ezinbestekoa baita jaialdiak aurrera egin dezan eta orain arteko izateko arrazoiari euts diezaion.