Pertsona errefuxiatuen harrera antolatzeko bigarren asanblada irekia egingo da asteazkenean

asanblada_irekia_errefuxatuakPertsona errefuxiatuen harreran antolaketa herritarra nola eramango dugu aurrera? Galdera horri erantzuna emateko asmoz, datorren urriaren 14an bigarren asanblada ireki eta parte hartzailea egingo da. Gerra egoeratik ihes egiten dutenen “egoera larri eta dramatikoari” herri mailako erantzun antolatua bideratzea da asanblada honen helburua. Eta asteazkenean 19:00etan Reina Aretoan egingo da.

Pasa den irailaren 9an gai honekiko antolaketa herritarrerako lehenengo asanblada egin zen. Udaleko Kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideetako sailaren arabera, lehenengo asanblada hori jendetsua izan zen eta bigarren honetan herritarrak antolatzeko eta parte hartzeko gaitasunak eta aukerak proposatuko dira eta horien inguruko aukera zehatzez informatuko da.

Behin gizarte harreran lan egiten duten hainbat elkarterekin bildu ostean, aipatutako sailak uste du herritarrekin konpartitu eta antolatzeko momentua dela. Gainera, bozeramaileen batzordeak Errenteria “Aterpe Herria” aitortu izanak, eta lehenengo asanbladan ikusitako “indarrak”, antolaketa herritarraren beharra azpimarratzen dutela iruditzen zaio.

Era berean, Kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideetako sailak aipatu du Errenteriak erakutsitako “elkartasunak” “indarra” eman diela aurrera begira ere harrera eta elkarbizitza bultzatzen jarraitzeko.