Errenteriako Udalak Bikain ziurtagiria eskuratu du

Bikain ziurtagiriaEusko Jaurlaritzak luzatzen duen ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da Bikain. Enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena. Errenteriako Udalak Urrezko bikaina lortu du. Garazi Lopez de Etxezarreta euskara zinegotziak eta Julen Mendoza alkateak berak eman dute horren berri. Mendozak aipatu du Errenteriako Udala euskararen erabilera normalizatzeko lanean aspaldi hasi bazen ere, azken bost urteetan jauzi kualitatibo handia eman dela bide honetan eta “ageriko emaitzak lortu” direla.

Ziurtagiria eskuratzeko, aditu talde batek bertatik bertara aztertzen ditu erakunde edo enpresan euskarari loturiko kontuak. Duela gutxi jaso du udalak azterketa horren emaitza eta gehienez eskuratu daitezkeen 1000 puntuetatik 800-849 puntu bitarte lortu ditu. Horren atzean, bereziki hiru “indargune” daudela azpimarratu dute. Euskararen erabilera normalizatzeko planak, zerbitzu eta jarduera guztiak euskaraz ematea eta ordezkari politikoek zein teknikariek euskara planarekiko duten atxikimendua.

Laugarren udala

Ziurtagiria lortu duen laugarren Udala da Errenteriakoa. Orain arte Arrasate, Azpeitia eta Bermeok soilik lortu dute. Zentzu honetan Mendozak azpimarratu du kontuan izan behar dela herri horiek errealitate soziolinguistiko oso ezberdina dutela, izan ere Errenteria “eremu soziolinguistiko ez hain euskaldunean” kokatuta dago. Eta ondorioz, uste du emaitzak balio handia duela.

Lopez de Etxezarretak gaineratu du herritarrak animatzen dituztela udalera bertaratzean euskaraz aritzera. Izan ere “herritarrek eskubidea dute euskaraz jarduteko, eta guk hori bermatu behar dugu”.

Hizkuntza aniztasuna bermatzeko protokoloa

Urrezko Bikaina eskuratzeak egindako lana errekonozitzen du Lopez de Etxezarretaren esanetan, baina aurrera begira ere Udalak zeregina baduela aipatu du. Zentzu honetan, hizkuntza aniztasuna bermatzeko protokoloa izan du hizketagai. Protokolo hau Donostia 2016k eta Kontseiluak Batzorde Zientifiko baten esku jarri dute. Hizkuntza Eskubideak bermatzeko neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua izango da eta hizkuntza eskubideak modu eraginkorrean aplika daitezen neurriak proposatuko ditu. 2016eko abenduan aurkeztuko da Donostian.  Errenteriako udalak lanketa hau babestu du eta etorkizunean horrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.