Paula Kasares soziolinguistak bi hitzaldi eskainiko ditu Orereta ikastolan

Paula
Paula Kasares soziolinguista (argazkia: Hik Hasi)

Orereta Ikastolak Paula Kasares soziolinguista nafarra gonbidatu du bi hitzaldi emateko. Batetik, “Zuek duzue giltza” guraso euskaldunentzat, eta bestetik, “Euskera, entra un idioma en casa”, guraso erdaldunentzat. Abenduaren 10ean Lino eraikinean (Orereta ikastola) izango dira. Lehena 17:30ean, eta bigarrena, berriz, 19:00etan. Ordu eta laurdeneko iraupena izango dute biek. Hitzaldiak irekiak direla jakinarazi dute Oreretako Ikastolako kideek. Eta herriko guraso orori zabaldu diote deialdia. Hurtzaindegi zerbitzua egongo dela gaineratu dute.

Antolatzaileen esanetan, haurrak txikitatik hasten dira hizkuntza-ohiturak barneratzen eta lehenengo urteak oso garrantzitsuak dira hizkuntza aberastasunera begira. “Euskara eta gaztelania nahasten baditu zuzentzea ona al da? Zein hizkuntza erabili seme-alabekin euskara ez dakitenak tartean daudenean?” Guraso euskaldunei zuzenduriko hitzaldian tankerako galderak erantzutea da asmoa.

Bigarren hitzaldia, berriz, guraso erdaldunei zuzenduta dago eta modu berean euskararekiko jarrera positiboa transmititzeko aholkuak emango dira. Eskolaratzea kasu batzuetan, “etxeetan euskara sartzeko lehen pausua” dela aipatu dute, eta horren inguruan hausnartuko dute.