Eskolako Agenda 21eko gazteak udaletxean izan dira

20160517_100804

Errenteriako Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten gazteak udaletxean izan dira alkatearekin, zinegotzien eserlekutan jarri eta ikasturtean zehar landutako gaia eta beraien proposamenak aurkezten. Udal Foro honetako partaideak, herriko hainbat ikastetxeetatik etorri dira: Bizarain LH eta DBH ikastolak, Cristobal Gamon ikastetxea, Don Bosco Lanbide heziketako ikastetxea, Koldo Mitxelena Institutua, San Jose Gurutzearen alabak ikastetxea eta Telleri-Alde ikastetxea.Aurtengo gaia, elikadura jasangarria eta hondakinak izan da eta horren baitan, alderdi ugari sakondu dituzte: elikagai osasungarriak, ekologikoak, bertakoak, fruta jatearen garrantzia, elikagaiekin sortzen diren hondakinak, konpostajea, elikagaiekin hondakinak prebenitzeko neurriak, inkestak egin dituzte kalean herritarren ohiturak eta jokabideak ezagutzeko…

Egindako azterketa eta galdetegien ondorioz, konpromiso batzuk hartu dituzte. Besteak beste: fruta eta barazki gehiago jatea, garaian garaikoa kontsumitzea, hamaiketakoa biltzeko bilgarri berrerabilgarria erabiltzea, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea, eskolan sortutako organikoa bildu eta konpostatzea eta beraien inguruan ikasi dutena zabaltzea.

Orrialde honetan argazki albuma eta ekitaldia osorik ikusteko aukera dago.

Udaleko ordezkariei ere lan dezente geratu zaie, egindako proposamen eta eskaerei erantzuna emateko. Hona hemen eskaera batzuk: eskoletako janaria bertako produktuekin sukaldatua izatea, baserritarren salmenta indartzea, plastikozko eta beirazko botilak eta ontziak itzultzeko sistemaren bat jartzea, kalean hondakina bereizteko zakarrontziak jartzea, auzokonposta egiteko gune gehiago jartzea eta herritarrak animatzea.

Birziklatzearen eta berrerabileraren inguruan, etengabe kanpainak egiten jarraitzeko beharra ikusi dute, herritar guztietara iristeko. Eta elikagai soberakinak zaborretara ez botatzeko aprobetxatzeko moduak aurkitzea, bai etxeetan, bai eskola, taberna eta jatetxeetan ere.

Julen Mendoza, Errenteriako alkateak, gazteek egindako aldarrikapen guztiei erantzuna emateko konpromisoa hartu du. Horietako asko benetan interesgarriak zirela esan du, herriko zereginetan kontua izatekoak. Pixkanaka kaleetan zakarrontziak jartzen ari dira, materia organikoaren bilketa indartzeko asmoa badago… Beraien etxeetan hondakina modu egokian sailkatzen ahaleginak egiteko eskatu die gazteei eta hurrengo ikasturte hasieran, proposamenei erantzuna emateko egingo den Udal Batzarako gonbita luzatuz, agurtu dira guztiak.