Emakumeen etxerako bidean… lehenengo pausoa!

emakumeen etxeaErrenteriako Emakumeen Etxea gorpuzteko bilerak egiten ari dira. Lehengo asteazkenean izan zen lehena eta bihar, uztailak 13, izango da bigarrena. Bilera irekia izango da bihar Merkatuzarrean 18:00tan. Hona lehen bileraren kronika:

 

Uztailaren 6an Emakumeen Etxeari buruzko hausnarketarako lehenengo saioa izan genuen. Arratsaldeko 18:00etatik 20:30era Merkatuzarren 35 bat emakume bildu ginen datozen hilabeteetan egingo dugun ibilbideari hasiera emateko. Emakume taldeetan ibiltzen direnak, talde feministetako kideak zein norbanakoak elkarrezagutzarako lehenengo parada izan genuen. Izan ere, bileraren lehenengo zatian elkarrezagutzarako dinamiketan aritu ginen.

Egitasmoa aurrera eramateko Elhuyar Aholkularitzako Aizpea Otaegiren eta Aizaga Zeberioren laguntza teknikoa izango dugu. Lehenengo, egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkiguten: zer den prozesu hau, zertarako den, zer egin dugun orain arte eta zer proposatzen dugun hemendik aurrera. Orain arte 24 elkarrizketa egin ditugu aurre-diagnostikoa osatzeko eta gogoetarako beste 5 bilera egitea aurreikusten dugu. Jarraian, Garazi Lopez de Etxezarretak, Berdintasunerako zinegotziak, hitza hartu zuen prozesuaren testuingurua azaltzeko eta, batez ere, bertaratutako emakumeei eskerrak emateko.
Ondoren, talde txikietan bildu ginen prozesuak geure egiteko zer bermatu eta eskaini behar digun hausnartzeko. Talde bakoitzak papelografo batean idatzi zuen taldean landutakoa eta ondoren talde handiari aurkeztu zion. Atera ziren hausnarketa batzuk honakoak izan ziren: guztiok eroso egoteko moduko espazio bat izatea; ahalik eta irekiena eta anitzena, askotariko emakumeen kolektiboak erakarriko dituena eta horientzat ere erakargarria izango dena; helburuak garbi edukitzea; elkarrengandik ikasteko espazio bat eraikitzea; eskualdeko ikuspegiarekin lan egitea, eskualdeko gainerako emakumeak ere artikulatzeko gai izango dena, etab.

Azken bi asteetan 24 emakumeri egindako elkarrizketekin aurre-diagnosi bat osatu dugu eta emaitza orokorrak aurkeztu zizkiguten; horretarako bi talde osatu genituen: gaztelerazkoa eta euskarazkoa. Asmoa, emaitzen inguruko lehenengo gogoetari ekitea zen, baina denborarik gabe gelditu ginen. Horregatik, uztailaren 13an 18:00etan bidea egiten jarraituko dugu.