Madalenak, inoiz ez bezain berde eta erasotatik babestua

Madalenetarako oso gutxi falta den honetan, txosnaguneko kideek beraien asmo eta nahiak aurkeztu dituzte:

Honako manifestua aurkeztu dute prentsaurrean:

Txosnagunea sentsibilizazio, gozamen eta aldarrikapenerako gunea da bertan parte hartzen dugunontzat. Izan ere, esparru desberdinetan komunean ditugun hainbat nahi eta balore garatu eta praktikan jartzeko aukera paregabea ematen digu.
Hilabeteak dira Txosna Batzordean antolaketa, funtzionamendu eta egitekoaren inguruko hausnarketa prozesuan murgilduta gaudela. Azken urteetako dinamikari astindu bat eman nahi izan diogu eta horren bueltan aldaketa batzuk proposatzen eta egiten hasi gara, ondorengo alderdietan zentratuz:
EGITARAUA ETA KARPA

Azpimarratzekoa da eguneko eskaintzan egindako apostua, egunez jaiak gozatu nahi dituzten horiengana pixkanaka irekiz eta egokituz. Horrela, egunean zehar adin guztietarako ekitaldiak antolatu ditugu eta txosnagunean hamaiketakoa edo bazkari goxoak dastatzeko aukera ere egongo da. Esan ere, gaueko kontzertuetan eskaintza anitza bilatu eta beste talde batzuekin elkarlanean egitaraua osatu dugula. Jarduera asko aurten berria den karpan izango dira. Txoko horretan beraz, ekintzak eta jaki goxoak dastatzeko aukera egongo da. Izan ere, bertan Askekintzako txosnak janari beganoa eskainiko du, ordutegi hauetan: 13:00-17:00 eta 20:00-24:00.
KONTSUMO ETIKOA

Lehentasuna eman diogu kontsumoaren gaiari. “Horrelako kontsumoa egin, horrelako produkzioa bultzatu” leloak pizten duen hausnarketari bidea emanez, txosnetan eskaintzen ditugun produktuei begira hainbat aldaketa planteatu dugu etikaren ikuspegitik, honako alderdi hauek kontuan hartuz: ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak, ekoizteko modua, pertsonak nahiz ingurunea zaintzen dituen merkataritza solidario eta justuago bat eta abar. Beraz, txosnetan topatu ahal izango dituzun edari eta jaki batzuk horien baitan ekarriak izan dira (kola, patxarana, rona, garagardoak, barazkiak, ogia…). Gainera esan bezala, janari txosna beganoa izango da, bigarren urtez. Bertan animalien esplotaziorik gabeko jakiak eta informazioa eskainiko dira.
BASOAK ESKURATZEKO SISTEMA

Edalontzien berrerabiltze egokiagoa egiteko asmoz, sistema berri eta erraz bat proposatu dugu urtero erosten dugun baso kopurua -eta beraz, plastikoa-, murrizte aldera eta hobeto zaintze aldera. Horrela, basoa euro batean erosi eta barran berriro uzterakoan bi aukera egongo dira: basoaren truke tiket bat jaso eta hori aurkeztuta beste baso bat eskuratu ahal izango da, basoa berriro erosi gabe; edo basoa bueltatu eta 50 zentimo berreskuratu (beste 50 zentimoak basoa garbitu eta gordetze lanetarako bideratuko dira).
JAI ATSEGIN ETA PAREKIDEAK

Txosnagunea nahiz festetako gune guztiak oro har, “askeak” nahi ditugu harreman eta jokabideetan. Jaietan elkarrekin ondo pasa eta gozatu nahi dugu eta horretarako errespetuzko harremanak edukitzea eta elkar zaintzea ezinbestekoa da. Zentzu horretan denon artean eraso eta jarrera sexistak, homofobo, arrazistak edota espezistak ekiditeak berebiziko garrantzia izango du. Dena den, prebentzio modura edo erasorik jazotzekotan, erantzuteko prest gaude eta horretarako bitarteko batzuk jarriko ditugu txosnagunean: ohartarazteko txilibituak eta mikro bat.
Bukatzeko esan, presoak eta gurekin ez dauden edo urrun dauden senide eta lagunak gogoan ditugula. Doakiela hemendik besarkada handi bana, bereziki gaixo eta egoera larrian aurkitzen den Aitzol Gogortzari, bere senide eta lagunei!
Gure atxikimendua eta agur berezi bat ere Gipuzkoa eta Orereta Zutiki eta Harresirik Gabeko Lurraldeak lantaldeari. Eta egitaraua prestatu eta gainontzeko lan guztietan modu batean edo bestean lagundu diguzuen guztioi gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkizuegu. 2016ko Madalen jai paregabeak, parekideak, alaiak eta koloretsuak izan eta gozatzea opa dizuegu!
Gora Madalenak! Gora Madalena planeta, gora Txosnagunea!

 

Honakoak dira txosnetan zerbitzatuko diren produktuak:

 

  • Frixen Kola etikoa, beganoa eta kooperatibakoa (bakarrik edateko edo sistematikoki konbinatuetan erabiliko da).
  • Arriaca Garagardo artisaua
  • Etxean egindako patxarana, 0 km, Oiartzungo Arditurrikoa
  • Belar likorea, Oreretako Olañeta likore egileena
  • Euskal Herriko urteko eta ardo kriantza ekologikoa
  • Bidezko merkataritza sustatzen duen Elkartruke banatzailearen ron kubatar etikoa
  • Iturriko ura doan (hondakinak 0)
    Karpako Askekintzako txosnan:
  • Euskal Herriko ardo beltza eta txuria ekologikoa
  • Euskal herriko sagardo ekologikoa
  • Zuku ekologikoak
  • Eguneko platera bertako produktuekin eta beganoa, 0 km –
  • Eramateko janari beganoa bertako barazkiekin lagundua, 0 km –
  • Postre begano goxo goxoak
  • Bidasoa garagardo artisaua, 0 km
    Zintzilik Irratiko txosnan:
  • Mala Gissona garagardo artisaua, 0 k

Honako kolektiboek jarriko dituzte txosnak:

  • ASKEKINTZA eta HARRESIRIK GABEKO LURRALDEAK
  • ORERETAKO ERNAI eta ORERETAKO IKASLE ABERTZALEAK
  • ORERETAKO GAZTE ASANBLADA
  • ZINTZILIK IRRATIA

hauek dira kolaboratu dutenak:

  • ARDITURRIKO ERREPUBLIKA ASKEA
  • BASERRITIK MUNDURA
  • BILGUNE FEMINISTA
  • EMTE
  • EUSKALGUNEA
  • INDIOROCK
  • U-23 FAKTORIA
  • LABORE KONTSUMO KOOPERATIBA
  • SARE