Euskara merkataritzan; egin klik eta irabazi 400 euro

Euskararen_Paparazziak

Urteak dira, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Testuinguru horretan, “Euskararen paparazziak” izeneko argazki lehiaketa antolatu dute azaroaren 14tik abenduaren 3ra bitartean.

Edonork har dezake parte argazki lehiaketan. Horretarako, euskara eta merkataritza edo ostalaritza uztartzen dituen argazkia bidali behar da ondoko whatsapp zenbakira: 608 170 384 edo emailez euskararenpaparazziak@gmail.com helbidera. Aipatutako gaiak hobekien uztartzen dituen argazkiak 400 euroko saria irabaziko du eta bigarrenak 200 eurokoa. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina argazki bidali ahal izango ditu lehiaketara. Informazio gehiago nahi duenak lehiaketaren oinarriak hemen ikus ditzake.

Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakaria eta Oiartzungo alkatea denak, lehiaketan parte hartzera deitu nahi ditu argazkizaleak eta herritarrak, oro har. Irabazleek diru sariak Oarsoaldeko establezimenduetan erabili beharko dituztenez, horrek ere eskualdeko merkataritza eta ostalaritzari laguntza emango dio euskarari laguntzeaz batera.

Prestatu ezazue kamera eta egin klik euskaraz!