Lurdes Sistiaga eta Lezo-Jaizkibel eta Intxixu Trail mendi lasterketek jasoko dute aurten Oarsoarrak Euskararen Saria

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Lurdes Sistiaga andereño eta euskaltzale sanjuandarrari eta Intxixu Trail eta Lezo-Jaizkibel mendi lasterketei emango diete aurten.

Lurdes Sistiaga sanjuandarra da. Urte luzez euskarazko irakaskuntzan jardun da andereño gisa, irakasle gisa. Pasaia-Lezo Lizeoan irakasle, guraso eta, orain, amona da Lurdes. Euskararen aldeko lana izan da eta da bere bizitzaren ardatza.

Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa otsail aldean eta Intxixu trail ekain aldean izaten dira. Biek ala biek euskaraz antolatzen dituzte hasi eta buka lasterketaren joan-etorri guztiak. Antolaketa osoaz gain, eguneko bozgorailuetako mezu eta ohar guztiak euskaraz egiten dituzte, euskarari kirolean normaltasun osoko maila emanez.

Oarsoaldeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak eta Errenteriako Udal Euskaltegiak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

Sari-emate ekitaldia azaroaren 30ean izango da, 19:00etan, Merkatuzarren. Ekitaldi irekia izango da, baina komunikazioa@oarsoaldea.eus helbidearen bidez konfirmatu behar da.