‘Errenterian 11 Kolore’ Kultur Aniztasunaren nazioarteko egunaren IV. edizioa ospatuko da ostegunetik aurrera

Datorren maiatzaren 16tik aurrera, osteguna, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da programa zabal eta koloretsu baten bidez. Maiatzaren 21ean nazioarteko kultur aniztasunaren eta elkarrizketaren eguna Errenterian ospatzeko, aurten artea, gastronomia eta ‘Egin zaidazu bisita’ kanpaina izango dira protagonistak.

11 Zapore

Ostegunetik igandera bitarte (maiatzak 16-19, herriko 21 tabernak munduko pintxo bat izango dute salgai beren gainerako pintxoekin batera. Parte hartzen duten tabernek kanpoko aldean bandera bat izango dute bereizgarri gisa, eta haiek hautatutako pintxoa nahiz horren inguruko informazioa ikusgai egongo da. Gainera, taberna parte hartzaileen, horien kokagunearen eta pintxoaren inguruko informazioa programan ikusi ahal izango da.

Era berean, aurten ere ‘Errenteria Munduan’ ekimena ere txertatu da taberna horietan. Hain zuzen ere, Errenteriako Udalak urtero diru-laguntzen bidez laguntzen dituen GGKE-en proiektuen informazioa eta argazkiak izango dira ikusgai.

Kultura Aniztasunaren Eguna

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren nazioarteko eguna bera ospatzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek landu duten murala ikusteko topaketa bat antolatu da. Hortaz, asteartean Errenteriatik Pasaiara doan bidean, tunela igarota, arratsaldeko 18:00etan izango da hitzordua. New Jerseyetan, trafikoa eta oinezko bidea bereizteko erabili ohi diren euskarrietan egindako margolanak ezagutuko dira. Horien oinarria ‘Egin zaidazu bisita’ sentsibilizazio kanpaina izan da. Aldiz, Nazioarteko Egunaren ikur gisa, Udaleko balkoian zintzilikatuko den murala herriko ludoteketako eta gaztelekuetako gazteek landuko dute. Era berean, EPAko ikasleek euren eraikinean kultur aniztasunaren aldeko murala margotuko dute, hain zuzen ere, zentroan duten aniztasuna balioan jartzeko.

Deskarga ezazu programa hemen.