Argazki galeria: kultur aniztasunari eskainitako mural koloretsuan herriko DBHko ikastetxe guztietako 326 ikaslek parte hartu dute

Errenterian 11 Kolore programaren barrenean, Errenteriako DBHko sei ikastetxeek aniztasunaren murala margotu zuten atzoko egunez. Denera 326 ikaslek hartu zuten parte Errenteria eta Pasai Antxoko oinezkoen eta bizikleten bidean dauden New Jerseyak margotuz. Hain zuzen ere, ibilgailuen bidea eta oinezkoena banatzen duten zementuzko 148 euskarri margotu zituzten graffitiaren edota pintzelaren bidez.

Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00ak bitarte, txandaka, sei zentroetako gazteek (Egiluze, Orereta ikastola, Bizarain, Cristobal Gamon, Tellerialde eta Koldo Mitxelena) euren arte dohainak erakutsi zituzten aurretiaz landutako irudiak irudikatuz. Datorren maiatzaren 21ean, nazioarteko kultur aniztasunaren egunean, danbor doinuaz eta ikasle batzuen eskutik, murala aurkeztuko da arratsaldeko 18:00etan gune horretan bertan.

11 Zapore

Osteguneko herriko pintxo-pote egunarekin batera, herriko 21 tabernek atzoko egunez hasiera eman zioten 11 Zapore ekimenari. Igande bitarte pintxo edota edari berezia, ekimenerako espresuki sorturikoa eskainiko dute euren tabernetan.

Muralaren argazki-galeria