Herriko batxilergoko zenbait ikasle saritu dituzte

Markel Gurrutxagak 2017-2018ko Batxilergoko Aparteko Saria jaso du

Oiartzo Batxilergo Ikastolako eta Koldo Mitxelena Institutuko batxilergoko hainbat ikasle saritu dituzte duela gutxi.

Batetik, Oiartzoko ikasle-ohi den Markel Gurrutxagak Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen 15 Batxilergoko Sari Berezietako bat jaso du. Horri esker ingelesa hobetzeko ikastaroa eta egonaldia egingo du udan hiru astez Toronton (Kanada).

Bestalde, berriki ebatzi dituzte, baite ere, El Diario Vascok antolatzen duen STARTinnova programaren irabazleak. STARTinnova Batxilergoa edota prestakuntza profesionaleko ikasketak egiten dituzten 16-17 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, ekintzailetza sustatzeko. Parte-hartzaileak 4 edo 5 ikaslez osaturiko lantaldetan aritzen dira enpresa-ideia batean lanean, haien eskolako irakasle baten tutoretzarekin.

Ekimen horretan Errenteriako bi ikastetxetako ikasle-taldeak saritu dituzte: Koldo Mitxelena Institutuko ‘Topillo & friends’ taldeak bigarren saria lortu du. Aingeru Gomes Gobantes, Julen Martin Alonso, Ioritz Aramburu Lecuona, Gorka Lizaso Fernandez eta Ohiana Celihueta Padronek osatutako taldea da, eta Idurre Etxaide izan da haien tutore.

Bestalde, Oiartzoko ikasle diren Anje Delgado, Danel Garcia, Yurene Fernandez, Garazi Perez eta Estibaliz Navarrok osatutako ‘Adegy’ taldeak 4. saria lortu du. Andrea Etxaniz izan da haien tutore.

Zorionak!