Urtarrilaren 7an hasiko dira Txirrita parkeko lanak

Erdigunea | Partehartzea 2019-12-23 | 0

Datorren urtarrilaren 7an Txirrita parkearen eraberritze lanak hasiko direla jakinarazi nahi du Errenteriako Udalak, hain juxtu haurren jolas-parkearen eraikuntza lanak.
2017. urtean Marea Gora Errenteriako haur eta gazteen plan estrategikoaren partaidetza prozesuaren bidez, herriko ikastetxe guztietako eta aisialdi elkarteetako 4-12 urte bitarteko 2.000 haurrek parte hartu zuten parkearen diseinuan.
Prozesuan zehar erabaki zuten parkearen beraren izaera, izena eta jolas-elementu sorta. Eta laster, haiek irudikatutako jolas-parkea errealitate izango da.
Unibertsoan oinarritutako iruditegiarekin eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria diseinatu da, jolasaz modu seguruan gozatzeko esparru librea.
Jolas-eremuak hiru espazio izango ditu. Bata 0-4 urteko haurrei bideratua, esperimentaziorako gunea izango dena, ura, harea eta labirintoarekin. Bigarrena 4-8 urte bitartekoei zuzendutakoa, psikomotrizitate-ariketak ardatz dituena. Eta azkena 8-12 urte bitartekoei bideratutakoa, toboganekin eta elkartzeko espazioekin hornitutakoa. Jokoen materialari dagokionean elementu organikoak hobetsiko dira, inguru atsegina helburu izango duen diseinuarekin.
Interbentzio honek, herri hezitzailearen bidean, haurren neurrirako herria eraikitzeko apustuan sakontzea du helburu. Baina, era berean, Txirrita parkearen eraberritze prozesuan inflexio puntu izango da, dagoeneko egikaritu den Emakumeen etxearen eraikuntzari jarraipena emanaz.
Obra zibilaren exekuzio lanak LANDA e IMAZ S.A.-k burutuko ditu, 13 asteko exekuzio epean eta 160.019,55€-ko aurrekontuarekin. Ekipamentuak, berriz, Play Urban Desing S.L.-k ahalbidetuko ditu, 111.345,29€-ko aurrekontuarekin.

Udala espero du herritarrek ulertzea eraikuntza lanek sortu ditzaketen eragozpenak.

No comments yet.

Utzi erantzuna