Tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko Errenteriako Udalaren dirulaguntzak astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dituzte mikroenpresek eta norberaren konturako langileek

Udal komunikabidea 2020-04-30 | 0

Udalak talka- eta suspertze-plan bat aurkeztu zuen joan den ostiralean, COVID-19ak tokiko ekosistema ekonomikoan duen eragina arintzeko. Aipatu egitasmoak 16 neurri aurreikusten ditu.

Horietako bat da Tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko diru-laguntzak: mikroenpresak eta norberaren konturako langileak izenekoa. Errenteriako mikroenpresen eta norberaren konturako langileen artean, nekazaritza-sektorekoak barne, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko deklaratutako osasun-alarmak eragindako ondorio ekonomikoak arintzea da dirulaguntza horren helburua.

Laguntza hauek datorren astelehenetik, maiatzaren 4tik, aurrera eskatu ahal izango dira, telematikoki edo, bestela, telefonoz. Udalak nabarmendu duenez, laguntza hori eskatzeko epea luzea da eta ez da beharrezkoa lehen egunetan eskatzea, diru-baliabideak nahikoak baitira.

Nola eskatu

Eskatzaileek eskabidea online egin ahal izango dute, oso modu errazean, errenteria.eus/covid19-dirulaguntzak orrian.

Behin orri horretan, bi aukera daude:

1. Izapide telematikoen bidez, ziurtagiri digital batekin identifikatuz.

2. Formulario bat deskargatu (editatzeko moduko PDF bat), bete eta prozesuan adieraziko zaien helbidera posta elektronikoz bidali.

Gestoriek ere oso modu errazean eskatu ahal izango dituzte bezeroen laguntzak orri honen bidez.

Eskaera telematikoki egin ezin dutenek 010 telefono zenbakira deitu ahal izango dute telefonoz egiteko.

Onuradunak

Dirulaguntza hauen araubidea soil-soilik mikroenpresei eta norberaren konturako langileei aplikatuko zaie (informazio gehiago eskuratzeko, ikus oinarriak).

Onuradunek bete beharreko baldintzak

–Jarduera Ekonomikoen Zergaren (JEZ) erroldann alta emanda egotea, gutxienez, 2020ko martxoaren 14tik.

–Autonomoen kasuan, alegatutako jarduera ekonomikoa beren jarduera nagusia izatea, hau da, beren diru-sarreren iturri nagusia.

–Egoitza fiskala Errenterian izatea.

(Informazio gehiago eskuratzeko, ikus oinarriak).

Dirulaguntzaren kopurua

Zenbateko hauek ezarri ditu Errenteriako Udalak, onuradunaren tipologiaren arabera:

A) Jarduera geldiarazi behar izan dutenak:

–1.000 euroko kopuru finkoa.

–Horretaz gain, ostalaritzako eta jatetxeetako jardueretarako, 200 euroko zenbateko finkoa.

–Jarduera egiten den establezimenduaren alokairu-gastuengatik, 300 eurora arte.

–Jarduerari atxikitako ondasunen erosketa finantzatzen duten maileguen interesak eta amortizazio-gastuak, 250 eurora arte.

–2020ko udaberri-udako arropa, oinetako eta osagarri motako salgaiak erosteko edo hornitzeko gastuengatik, 200 eurora arte.

B) Jardueran murrizketa izan dutenak:

– 500 euroko kopuru finkoa.

Gainerako neurriak eskatzea

Talka planak aurreikusten dituen gainerako diruaguntzak ere errenteria.eus/covid19-dirulaguntzak web orriaren bidez eskatuko dira, martxan jarri ahala, eta dagokionean jakinaraziko da.

Kontsulta itzazu hemen Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoak leuntzeko Errenteriako mikroenpresa eta profesional autonomoentzat bideratutako dirulaguntzen oinarri espezifikoak.

No comments yet.

Utzi erantzuna