Errenteriako Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea sortzeko hitzarmena sinatu dute

Torrekuako eraikin historikoa sendotzen ari da elkarlaneko ekintzailetzarako gune gisa.

Bertan, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT) zerikusia duten proiektuak.

Orain, hitzarmen honen sinadurak bultzada berri bat emango dio Torrekuari erreferentzia bihurtzeko teknologia berriei dagokienez. Gainera, UEUk Humanitate Digitalen eremu horretan duen ezagutza eta esperientzia herrira ekarriko da.

Aizpea Otaegi alkateak adierazi duenez, Udalarentzat garrantzitsua da, eta are gehiago orain, pertsonen eta teknologiaren arteko harreman modu berriak sortzen inbertitzea, “izan ere, uste dugu esploratzeko ibilbide zabala duen sektore batentzat aukerak irekitzen dituela”. Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo dio proiektuari.

Gune horretan prestakuntza-, informazio- eta lankidetza-ekintzak egingo dira sektoreko beste proiektu eta enpresa batzuekin, haien esperientziak ezagutarazteko eta partekatzeko, eta sinergiak eta aliantzak sortzeko unibertsitatearen, Udalaren eta beste enpresa teknologiko batzuen artean.

Halaber, krisi sanitarioaren ondorioz sinadura atzeratu egin bada ere, eta garatu beharreko ekintzen kopurua eta formatuak aldatu badira ere, Udalari proiektua denboran luzatzea gustatuko litzaiokeela adierazi du alkateak.

Datozen asteotan Humanitate Digitaletan erreferentea den UEUko Xabier Landabidea ikertzailea Torrekuan lanean hasiko da eta hemendik garatuko ditu ikerketa lanak, sektoreko beste enpresekin eta unibertsitatearekin harremanetan.

Hortaz, hitzarmenaren sinadurarekin Udalaren eta UEUren arteko elkarlana gauzatu da teknologia alorreko enpresen eta unibertsitatearen lankidetza aktiboa bilatzeko.

Gainera, datozen hilabeteetan Gunean egingo diren Humanitate Digitalen proiektuen artean, kongresu bat egitea, egindako ikerketa-lanak argitaratzea eta sektoreko erreferentziazko langileen hainbat prestakuntza-hitzaldi daude.

Humanitate Digitalen Ikerketa Gunearen koordinatzailea den Xabier Landabideak eta Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, akordioaren garrantzia azpimarratu dute.

Landabideak azaldu du modako termino bihurtu direla humanitate digitalak unibertsitateetan. “Gure bizitzak zeharo digitalizatu direla nabarmena da, baina geroz eta kontzienteago gara garapen teknologikoak bere horretan ez dakartzala jendarteak behar dituen eraldaketak”, jarraitu du. Humanitate Digitalek teknologia eta gizartearen arteko harremanak esploratu, problematizatu eta balioan jartzen dituzte, galdera zaharrei erantzun berriak eta erantzun zaharrei galdera berriak egitea proposatuz. Halaber, adierazi du asmoa sarri erabili ohi ditugun muga batzuk eraitsi eta askotariko elkarlanak ahalbidetzea litzatekeela, adibidez Udala, unibertsitatea eta ehundura enpresarialaren arteko hormak behera botatzeko.

Sarasolak, bestalde, aditzera eman du UEUn auzolanean sinesten dutela eta gaurkoa ere horren beste adibide bat dela. Gainera, adierazi du hitzarmen honen bidez Torrekua Humanitate Digitalak garatzeko toki erreferentziala bihurtu nahi dela.