‘Irakurtzeak jantziago egiten zaitu’ lelopean ospatuko da Liburuaren Eguna bihar

●      Bizi Errenteria programaren dinamizazioaren baitan, Errenteriako 4 liburudendek euren liburuak erakusgai izango dituzte herriko bestelako 15 dendatan.

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, Liburuaren Eguna ohi bezala apirilaren 23an ospatu beharrean, uztailaren 23 ostegunean izango da. Aurtengoan, Errenterian liburudendek herriko bestelako dendekin elkarlanean ospatuko dute eguna: liburuak euren erakusleihoetan ikusgai izateaz gain, arropa, osagarri, dekorazio, optika, burdindegi, dietetika zentro eta abarretan ere izango dira ikusgai, ‘Irakurtzeak jantziago egiten zaitu’ leloa hizpide hartuta.

Bizi Errenteria programaren dinamizazioaren baitan sortutako ekintza horretan esku hartzen duten liburu dendak dira Ana Rojas Liburu Denda, Mirentxu Liburu Denda, Noski! Liburu Denda eta Xenpelar Kulturdenda. Horiekin elkarlanean diharduten dendak askotarikoak dira El Saltarín haurren zapara denda, Tu Salud es Natural dietetika zentroa, Osina Ekogunea, Mugo Poltsak, Ami Oihalak, Mariasun Lentzeria, Paris Mertzeria, Bitxi Kolore, Xenpelar Optika, El Candao burdindegia, La Coquine eta Sua dekorazio dendak eta Lilura, El Tocador de Wendy eta Sweet Lady arropa dendak.

Liburaren Eguna ospatzeko ekintza horren bidez gogora ekarri nahi zaie herritarrei irakurketak nonahi zernahi eskaintzeko gaitasuna duela eta aldi berean Errenteriako merkatarien arteko elkarlana eta eta euren arteko zubiak eraikitzeko ere balio izan du.  Izan ere, hori da Bizi Errenteria programaren baitako dinamizazioaren helburuetariko bat: Errenteriako establezimendu-sare aberats eta biziaren barnean sektoreen arteko, eta baita establezimenduen arteko elkarlana akuilatzea, beti ere herriko ekonomia suspertzeko bide gisa. Horrekin batera, herritarrak bertako establezimenduen eskaintza oparoa eta kalitatezkoa ezagut dezaten bultzatu nahi da.