Bigarren eskuko bizikleten azoka antolatuko da irailaren 18an

Irailaren 18an, ostiralarekin, bigarren eskuko bizikleten merkatua antolatu du Errenteriako Udalak Gamon zumardian. Arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara egongo da zabalik. Laugarren edizioa izango da aurtengoa eta aurrekoek izan duten arrakasta mantentzea aurreikusten dute antolatzaileek. COVID-19aren pandemia dela eta, osasun publikoaren prebentziorako neurri bereziak hartuko dira, guztiontzat jarduera ziurra izan dadin.

Gordailu-zerbitzua, egunean bertan, 15:00etatik 16:30etara egongo da zabalik. Aurten bizikletak eta patineteak bakarrik hartuko dira; norberak saldu nahi duena eraman beharko du eta antolakuntza-taldeari utzi. Aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da 943 670 249 telefonora deituz eta hitzorduak emango dira, azoka egunean sortu daitezkeen itxarote-ilarak saihesteko. Ez da onartuko 500 euro baino prezio garestiagorik.

Doako Gordailu sistema bidezko sal-erosketa pertsona guztien eskura ipiniko da. Gordailu zerbitzuan antolakuntzako kideak arduratuko dira haien zainketaz eta salmentaz, saldutakoaren artikuluen dirua bueltatuz eta saldu ez direnak jabeei itzuliz egun berean. Era berean, aukera paregabea da herritarrek behar dituzten bizikletak eskuratzeko prezio ezin hobean.

COVID-19ren prebentzioa

Uneoro azoka-gunearen aforoa zainduko da eta horretarako bisita-txandak emango dira azoka gunean bertan arratsaldeko 15etatik hasita. Bestalde, nahitaezkoa izango da musukoa eramatea. Osasun-prebentzioarekin lotutako bestelako neurriak ere hartuko dira, hala nola: salgai jartzen diren bizikletak eta patineteak desinfektatu egingo dira salgai jarri aurretik, izena emateko orriak aurrez bidaliko dira e-mailez.

Ekimen hau, urtero antolatzen den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen egitarauan kokatzen da. Era berean, Errenteriako Udalak onartu zituen ingurumeneko bi planifikazioekin lerrokatzen da ekintza hau: Hondakinen Prebentzio Plana (2015) eta Oinezko eta Txirrinda bidezko Mugikortasun Plana (2016). Europako hondakinen kudeaketako jerarkiaren goi aldean kokatuta dagoen berrerabilpenarekin ere bat egiten du ekintzak.

Oharra: parte hartzeko adin nagusikoa izan behar da eta datuak utzi (NAN eta telefonoa).