Produktu ekologikoak ezagutu eta erosteko aukera izango da larunbatean Zumardian

Irailaren 12an, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren VI. Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Errenteriako Udalak, Behemendi Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Biolur Elkarteak antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango dugu goizeko 10:00etatik14:00ak arte.

Euskal Herriko leku desberdinetako ekoizleak egongo dira azokan eta, modu berean, produktu anitz topatuko dugu hauen postuetan. Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztutakoak eta modu artisauan landutakoak direla. Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimiko edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.

Abantailak asko direla aipatu beharra dago. Oraina bizi dugun bitartean etorkizuna zaintzen ari garenetik hasita. Horrelako ekoizpen ekologikoak gure osasunaz gain ingurumena zaintzen dituelako modu iraunkor eta jasangarri batetan.

Azoketan ematen den salmentari esker kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo baitira produktu horiek sortu dituzten nekazariak. Edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea dela esan dezakegu.

Gainera, Biolur Elkarteko postua ere bertan izango da, informazio eskaintza zabalarekin: sortutako material didaktikoa, etxeko eta baserriko landare edo abereak zaintzeko liburu interesgarriak, … eta elkarrekin lan egiteko aukera ere nola izan azalduko dute.

Errenteriako VI. Nekazaritza Ekologikoaren azokan ondorengo ekoizleak izango ditugu:

– Pasta Martinelli (Beriain): Pasta
– Bego Villar (Hernani): Marmeladak, kontserbak
– Jean Marie Irigoien Ibarla (Iparralde): Txerrikiak
– Haristizabal (Itsaso): Barazkiak
– Lurraren Orena (Errenteria): Barazkiak
– Mendibitzu (Aretxabaleta): Ardi gazta
– Luz Juanmartiñena (Azkoien): Olioa
– Mireia Segura (Zumaia): Arropa
– Pikunieta (Antzuola): Ardi gazta
– Nelly Coceres (Zestoa): Barazkiak
– Gatz Museoa (Leintz Gatzaga): Gatza
– Aikur (Urretxu): Eztia
– Aldaba Zahar (Tolosa): Ogia, gazta
– Amaia del Hierro – Alga artean (Mañaria): Algak
– Doniene (Itziar): Barazkiak
– Maduixa (Ataun): Arropa
– Amaia Laskurain (Amatxo gaztak) (Antzuola): Gaztak (Ardia eta behia)
– Ecoprado (Zamora): Baratxuriak, dilistak, garbantzuak…
– Beltzitina (Anuncita (Araba)): Marmeladak
– BIBA Ardoak: Ardoa
– Biolur (Gipuzkoa): Informazioa
– ENEEK: Informazioa

Azken urteetan Biolur Elkarteak udako azoka bereziak antolatzeari ekin dio. Herri desberdinetako udal, landa garapenerako elkarte eta Foru Aldundiarekin elkarlanean hainbat azoka antolatzen dira, baserritarrak kontsumitzailearengana hurbiltze aldera. Aurten, iazko dinamikari jarraituaz, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren VI. Azoka antolatu da, eta azoka hau urtero antolatzen diren udako azoken zirkuituan egonkortu da. Horren adibide ditugu Zarautz, Donostia, Getxo-Algorta, Zerain, Aretxabaleta, Mungia eta Urretxun egiten diren azokak.

Aurten COVID-19ri egokitutako protokoloa ezarri du Biolurrek bere antolaketa barruko azoketan. Hala ere, azokara hurbilduko den jendeari gogoratu behar diogu ohikoak bihurtu zaizkigun neurriak eta gomendioak kontutan izatea: musukoaren erabilera, jende arteko distantzia errespetatzea eta eskuak sarritan garbitzea.