Energia Iraunkorrerako Ekintza-planaren bi urtean behineko jarraipena egin du Udalak

Hirien eraginkortasun energetikoa hobetzeko, energia berriztagarrien erabilera areagotzeko eta energia-politika iraunkorren testuinguruan ekintzak sustatzeko asmoz, 2008 urtean Alkateen Ituna sortu zen, tokiko administrazioei zuzendutako borondatezko akordio bat, gaur egun trantsizio energetikoa sustatzen jarraitzen duena.

Helburu horiek lortzeko Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana (EIEP) erabiltzen da. Hauek udalerri mailan, berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak gutxienez % 20 murriztera bideratu behar dira, 2020. urteari begira. Errenteriaren kasuan, berotegi-efektuko gasen isurketak 2020an, 2007. urtearekin alderatuta, % 20 murrizteko konpromisoa hartu da.

Ildo horretan, Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana udal-arloetako zinegotziek eta teknikariek garatu zuten. Era berean, interes-taldeek parte hartzeko prozesu baten bidez, herritarren ekarpena jaso zen, horretarako energia-mahaia, ingurumen-mahaia eta Energiaren Euskal Erakundeko teknikariak erabiliz. Errenteriako Udalak, lehen aipatutako agente guztiekin lankidetzan, EIEPa osatzen zuten 77 neurri eratu zituen.

Adostutako helburuak lortzeko, bi urtero, EIEParen ekintza-planeko jardueren aurrerapen-maila eta berotegi-efektuko gasen isurpenen murrizketa aztertuko da. Horrela, Errenteriako Udalak, EIEParen bigarren jarraipena burutu du. Jarraipen horren xedea, Plana osatzen duten ekintzen inplementazio-maila aztertzea da, lortutako emisioen murrizketa eta egungo egoeran duten partaidetza azpimarratuz.

2018 urtera arte, Errenteriako EIEPa ezartzeko 45.029.912 euroko inbertsioa egin zen, hau da, aurreikusitako aurrekontu osoaren %57 (79.066.989€). Kopuru horretatik, %29 Udalari dagokio, %58 sektore pribatuari eta %13 beste administrazio publiko batzuei.

Egindako azterketen emaitzen arabera, 2018 urtera arte, BEG isurketen murrizketa 80.000 tCO2b baino gehiagokoa izan da. Hori, besteak beste, energia-eraginkortasunaren hobetzeari, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainei edo diru-laguntzei esker lortu da.

Hurrengo bi urteetan lortutako emaitzek gora egitea espero da, dagoeneko aurrera eramaten diren ekintzekin jarraituz eta oraindik gauzatu ez diren ekintzak ezartzen hasiz.