Urriko arte eszenikoen programazioa aurteztu du Niessen Kulturguneak

Covid 19ak eragindako etenaldi luzearen ondoren, Niessen Kulturguneko programazioa indartsu dator. Ikusleen segurtasuna lehenetsita sortutako protokoloari jarriki, arte eszenikoetaz gozatzeko hainbat aukera izango da udazkenean. Gaur, hilak 1, urriko programazioa aurkeztu du Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean.

Baina ez hori bakarrik, arte eszenikoen sorkuntzan ere apustu handia egin dute Kulturgunean eta hala, hainbat konpainien egonaldi artistikoren etxe bilakatu ohi da Niessen. Hori dela eta, Tolosak ondoan izan ditu Naita produkzioak artzerki konpainiako zuzendaria den Nerea Ariznabarreta eta Iker Arrue, Ai Do Project dantza konpainiako zuzendaria.

Igandean, hilak 4, Teatro del Barriok ‘Celebraré mi muerte’ antzezlana eskainiko du 19:00etan. Eutanasiari buruzko eztabaida sakona planteatzen duen lanaren eszenaratze honetan, hilketagatik erruduntzat jotako Marcos Ariel Hourmann medikuarekin topo egingo du publikoak eta bere kasuaren epaimahaikide bilakatuko dira ikusleak.

Familiarteko publikoak Gorakada konpainiaren ‘Pinocchio’ antzezlanaz gozatzeko aukera izango du urriaren 9an, 18:00etan. 2020ko Zuzendaritza Onenari Feten Saria jaso duen antzezlan honek XXI. mendean bizi den eta zertxobait punkya den Pinocchioren istorioa taularatuko du.

TransUrria ekimenaren baitan, Andoni Mutiloak ‘Esnatu naiz’ kabareta ekarriko du hilaren 15ean, 19:00etan. Aste horretan bertan, hilaren 18an, Kamikaz Kolektiboak ‘Matriuska’ antzezlana emango du: historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta izanak berreskuratzeko beharraz hitz egiten du antzezlanak.

Hilabetea amaitzeko, hilaren 30ean, La Coja Dansa dantza konpainiak aldaketa klimatikoa oinarri duen ikuskizuna eskainiko du ‘Deshielo’ izenburupean, familiei zuzenduta. Saioa 18:00etan hasiko da.

Gainera, eta ohikoa denez, Atarian ekimenari esker, ‘Celebraré mi muerte’ eta ‘Matriuska’ antzezlanen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daudela jakinarazi du Tolosak: Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; bibe.me webgunean; eta ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago.

Honekin batera, ikuskizunen prezioak ere aipatu ditu: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Publikoari begira

Duela urte batzuk abiatutako ildoari jarraituz, Tolosak jakinarazi du arte eszenikoen sorkuntza prozesuak hartzen jarraitzen duela Niessen Kulturguneak: “Konpainiek beharrezkoak dituzte horrelako guneak euren lana garatu ahala izateko baina prozesu hauek hartzeaz haratago, gure helburua da egonaldi artistiko hauek baliatuta herritarrei arte eszenikoak gerturatzea”.

Hala, sortzaileekin harreman zuzen hori sendotzeko eta egituratzeko lanean ari direla esan du eta ekintza bereziak antolatzen ari direla publikoarengana iristeko. Naita produkzioak antzerki konpainia eta Ai Do Project dantza konpainiak dira, une honetan, Niessenen euren sorkuntza prozesuetan lanean diharduten bi konpainiak. Eta urrian zehar ere 2020ko Sortutakoak deialdian aukeratutako proposamenetako batek, Jone Amezagaren ‘Zerbait. Noizbait. Nonbait’, egonaldi teknikoa egingo du.

Nerea Ariznabarreta Naita produkzioak-eko zuzendaria Lorcaren Bernalda Alba obraren euskarazko bertsioan ari da lanean bere taldearekin. ‘Adela eta Martirio, Bernarda Albaren Etxean’ izenburupean, genero begirada batetik heldu diote klasikoari. Gai hau oinarri hartuta herriko DBHko hainbat ikaslerekin lanketa berezia proposatu dute.

Ai Do Project dantza konpainiako zuzendaria den Iker Arruek ‘En picado’ lan berriaren sorkuntzan arituko da datozen hilabeteetan Niessen Kulturgunean. Sorkuntza prozesu honetan zehar, Ai Do Project-ek egin ohi duen bezala, ekimen paralelo bat garatuko du Alzheimerra duten gaixoekin. Era berean, Musika eta Dantza Eskolako ikasleekin ere hainbat topaketa aurreikusita daude.