Errenterian hitzaldi, bisita gidatu eta mahai-inguru bana egongo dira 2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan

Irudian klik egin handitzeko.

‘Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza’ da Ondarearen Europako Jardunaldien V. edizioaren programaren izena. Bertan, ehun bat jarduera eta 150 ekitaldi izango dira Gipuzkoan zehar, 70 erakundek antolatuta. Programa irailean hasi da eta azaroan amaituko da.

Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea da ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea. ‘Kontaiguzu ondarea. Ondarea eta Hezkuntza’ izenburupean, aurten, transmisioak -ondarea herritarrei kontatzeak eta azaltzeak- ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean jarri nahi dute arreta. Halaber, hezkuntza erakundeei eta utzi diguten ondare materialari zein immaterialari balioa ematea da helburua.
Jardunaldi hauek herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Foru Aldundiak jardunaldiei buruzko liburuxkak argitaratu ditu, museoetan, turismo bulegoetan eta kultur etxeetan banatzeko. Programa osoa gipuzkoa.eus webgunean dago eskuragarri.

Ekimen hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Errenterian jarduera hauek programatu dira:

1.-Saroiak Errenterian. HITZALDIA.

Errenteriako Udalak antolatua, eta Luis Mari Zaldua Etxaberen (Euskal filologian doktorearen, saroietan adituaren) eskutik, Euskal Herriko eta Errenteriako saroiak ezagutzeko aukera izango dugu.

Saroiak mendiko lursailak dira, Euskal Herrian forma biribilagatik eta erdian kokatutako harri batetik abiatuta egituratuta egoteagatik bereizten direnak, besteak beste, artamugarria deritzona. Hitzaldi honetan bere jatorria, erabilerak eta garapen historikoa erakutsiko dizkigute. Horrela, Errenteriaren 700. urteurrenaren baitan, hurbileko baina, aldi berean, ezezagunak diren elementu horiek baserri eta paisaietan izan duten eragina zein ezkutatzen dituzten berezitasunak ezagutzeko aukera izango dugu.

Noiz: urriak 7, 19:00etan. Iraupena: 1-1,5 ordu.

Non: Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroa (Ibaiaren Etxea).

Dolores Ibarruri Zumardia, z/g, 20100 Errenteria.

Hizkuntza: euskaraz.

Informazioa eta erreserbak: ekimen hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. 27 pertsona gehienez, hizlaria barne.
Oarsoaldea Turismo Bulegoa: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus

2.- Igantziko eta inguruetako saroiak. IRTEERA GIDATUA.

Errenteriako 700. urteurrenean, Aldura mendiaren magalean (Aiako Harriko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua, Natura 2000 Sarea), Erdi Aroan sortutako Igantziko saroia ezagutzeko aukera egongo da pertsona adituen eskutik. Saroiak abereak biltzeko lurralde-egiturak eta baso-ustiapenerako eremu garrantzitsuak ziren, batez ere landare-ikatza ekoizteko. Haien kokapena, eraikuntza megalitikoen ondoan maiz, bat dator abereen transhumantzia-guneekin.

Ibilitako distantzia guztira: 6 km (Igantziko artamugarria ikusi eta Aldura mendiari buelta eman). Zailtasuna: erraza. Nornahik egiteko moduko ibilaldia da, baina hiru orduz ibili behar da. Oinetako egokiak eramatea ezinbestekoa da.

Noiz:  urriak 17, 10:00etan (euskaraz). Iraupena: 3 ordu (euskaraz).
urriak 24, 10:00etan (gazteleraz). Iraupena: 3 ordu.

Non: Susperregi jatetxea (irteera-amaiera gunea). Listorretatik. Aldura Gunea Aldea, 62, 20100 Errenteria

Informazioa eta erreserbak: ekimen hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. 10 pertsona gehienez talde bakoitzeko, gida barne.

Gutxieneko adina: 14 urte.

Oarsoaldea Turismo Bulegoa / 943 494 521/ turismoa@oarsoaldea.eus

3.- Eresbil. Musika Ondarearen ezagutza. MAHAI INGURUA

Transmisio tradizionalean espezializatutako musikari batek, didaktikan eta pedagogia musikalean aditua den batek eta ERESBILeko eta MUSIKENEko ordezkariek osatutako mahai-ingurua. Gure musika ondarearen hedapenari dagozkion erronka berriei buruz eztabaidatuko da, arreta bereziki publiko gazteengan jarriz.

Noiz: urriak 30, 11:00etan.

Non: Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa. Alfonso XI Kalea, 2, 20100 Errenteria

Hizkuntza: euskaraz.

Informazioa eta erreserbak: doan. Aldez aurreko izen ematea. 943 000 868 bulegoa@eresbil.eus