Oarsoaldeako Udalek ‘Atera mamia euskarari’ ekimena jarri dute martxan

Euskara | Merkataritza 2021-04-28 | 0
  • Aurten okindegi-gozotegietan eskaintza bereziak eskainiko dira Oarsoaldean eta dagoeneko 81 establezimenduk egin dute bat egitasmoarekin

Urteak dira, hogeita lau zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla.

Aurten ere lanketa berezia egingo da sektore jakin batekin eta 2021ean Oarsoaldeko okindegiei zuzenduko dizkieten ekimenak aurkeztu dituzte, Errenteriako Fanderia okindegi-gozotegian. Aurkezpenean egon dira Eneko del Amo, Errenteriako garapen ekonomikoko zinegotzia, Loreto Osa, Pasaiako euskara zinegotzia, Josu Delgado, Oiartzungo euskara zinegotzia, Laura Muñoz, Lezoko ogasun zinegotzia, Maika Martín, Errenkoalderen ordezkaria, Ander Lizarralde, Itturriren ordezkaria eta Edurne Mitxeo, Lezokoak elkarteko ordezkaria.

‘Atera mamia euskarari’ ekimena

Apirilaren 23ra bitartean establezimenduekin hitz egin dute banan bana, asmoak azaltzeko eta “Atera mamia euskarari” izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko.

Doako eskaintza bereziak merkatarientzat eta ostalarientzat

Ekimenean parte hartzen duten okindegi-gozotegientzat eskaintza bereziak:

1) ‘100 egun, 100 hitz’ egutegia banatu zaie okindegiei. Egutegi horretan apirilaren 14tik uztailaren 22ra bitartean euskarazko hitz bat ikasteko aukera ematen zaie euskaraz ez dakiten merkatariei eta ogiarekin loturiko esaera bat ikasteko aukera merkatari euskaldunei.

2) Ohikoen diren 14 ogien euskarazko izenekin kartoi lumazko panela emango zaie.

3) Sariak bezeroentzat. Urriaren 15etik azaroaren 15era, okindegi-gozotegietako produktuak euskaraz eskatzen dituzten bezeroei boleto edo txarteltxo bat emango die saltzaileak. Txartel horietan izen-abizenak eta telefonoa idatzi eta establezimendu bakoitzean jarriko den kutxatxoan sartu beharko dira.
Azaroaren 17an egingo diren zozketetan, establezimendu bakoitzeko irabazle bat aterako da eta hilabeteko ogia (50 euroko erosketa eskubidea) eskuratuko du boletoaren jabeak. Hilabeteko ogia establezimendu berean hartu beharko du.

4) Doako zerbitzu eskaintza jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu zaie (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).

5) Horrezaz gain, okindegietako hiztegitxoa ere banatu zaie.

Dagoeneko 81 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Ez galdu aukera!

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Aizpea Otaegik, Oarsoaldea

Udalerrietako euskara zerbitzuak:

◦ Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)

◦ Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)

◦ Oiartzungo Euskara Zerbitzua 943 493 842 (Fermiñene etxea. Aialde, 2)

◦ Pasaiako Euskara Zerbitzua 943 004 330 (Euskadi etorbidea 61 Trintxerpe)

No comments yet.

Utzi erantzuna