Lekuona Fabrika ezagutzeko saioak izango dira uztailean ere

Maiatzaren 15etik aurrera, herritarrek Lekuona Fabrikaren eraikina bera eta bertan garatuko den proiektua ezagutzeko aukera izan dute bertan antolatutako saio gidatuei esker.

Herritarren eskariari erantzuna emanez, jarduera hauek eskaintzen jarraitzea erabaki du Udalak eta hala, uztailean ere izango da fabrika berria ezagutzeko aukera.

Orain arte bezala, 2 saio eskainiko dituzte egunero, astelehenetik larunbatera. Ondorengoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera 11:00etan eta 19:00etan; larunbatetan, ordea, 12:00etan eta 18:00etan. Hizkuntzari dagokionez, euskarazko eta gaztelaniazko saioak txandakatuz joango dira eta iraupena ordubete ingurukoa izango da.

Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko bibe.me webgunean edo Lekuona Fabrikan bertan eta pertsona bakoitzak 4 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu gehienez ere.

Proposatutako egunetako aforoak bete ahala, egun berriak aktibatuko dituztela jakinarazi dute.