OTXE Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak 2022 denboraldia aurkeztu du

2022 urterako OTXEren partaideen eta asmoen berri emateko agerraldia egin zuen txirrindularitxa eskolak asteazkenean. Eskolaz gain, hainbat talde barnebiltzen ditu eskualdeko egitasmoak eta nabarmen da eskola eta elkarte denaren egitasmoa hazten eta sendotzen ari dela. Aurtengoa zortzigarren denboraldia izango da.

Aurkezpenean, txirrindulari eta arduradunez gain, kirolarien senitarteko eta hurbilekoak izan ziren. Halaber, babesleen, laguntzaileen Udalaen ordezkaritza egon zen. Mikel Astarloza OTXEko kide eta txirrindulari profesional ohiak gidatu zuen aurkezpena.

Taldeak

OTXEk hainbat talde izango ditu aurten. Jendetsuena eskola da, 34 partaiderekin (Urkabe Benetan). Lehiaketa taldeak, aldiz, 3 izango dira; Elite eta 23 urtez azpikoen kategoriako ekipoan 10 kide (JRG – Urkia), Junior mailan 7 kide (Amets Tailerra), eta aurten lehenengoz lehian izango den kadeteen taldean, 9 neska-mutil (Norclamp – Launa SL). Azken hori da aurtengo berritasuna, pandemiagatik ezin izan dutelako aurretik lehian aritu. Eskolakoek txirrindularitzaren hainbat modalitate landuko dituzte: errepidea, pista, ziklokrosa, Mountain Bike eta BMX eta Trial. Gainera, teknika, mekanika eta bestelako arloak ere landuko dituzte, OTXEren asmoa baita txirrindularitzaren gaia era integralean lantzea.

2014tik lanean

OTXEren izaeraren berri emateko hainbat argibide eman zituen Urko Munduate taldekideak.

Lehenik, eskerrak eman zizkien Errenteria-Oreretako Laguntasuna elkarteari eta Lezoko Allerruri txirrindularitzaren alde egindako lanagatik, eta aipatu zuen OTXE haiek egindako lanaren jarraipena dela. Baina lehiaketa taldearen sorburua Ciclos Iñaki taldetik eratorri zela azaldu zuen. 2014ko udan hasi zen eskola martxan, eta 2015eko sasoian jada taldea abiatu zuten, 6-7 gazterekin. Ordutik, urtero izan da errepidean eta mendian OTXE.

Bestalde, Munduatek adierazi zuen lehiaketaz haratago, euren helburuen artean dagoela bizikletaren erabilera sustatzea, eta adibidez partaide guztiak entrenamendu saioetara bizikletan doazela eskualdeko bidegorri sarea erabiliz.

Arkaitz Iza kideak, bere aldetik, hain lagungarri izan diren babesleei aitortza egin zien. Berretsi zuen lehiaketak ez direla bere horretan helburu bat, baizik eta gustuko den tokian kirola egitea. Hein berean, eskualdeko udalei ere eskerrak eman zizkien elkartearen lehendakariak hasieratik azaldu duten interesagatik, eta ematen duten laguntzarengatik.

Aizpea Otaegik alkateak ere hitza hartu zuen. Eskualdeko egitasmoa izatea baloratu zuen, eta taldekideen artean Oarsoaldetik haragoko kirolariak izatea ere berri ontzat eman zuen. Kirolaz eta txirrindularitzaz gozatzea, taldea egitea, eta laguntasuna nahiz elkarlana sustatzea opa zien taldekideei.