Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Ukrainako gerrari buruz

ZIOEN AZALPENA

Errusiako Gobernuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartutako erabakiaren ondorioz, joan den ostegunetik dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu, eta asko eta asko alde egiten ari dira, bonbetatik ihesi.

Errusiako Gobernuaren oldarraldia justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz ez bezalako larritasuna duena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak honako hau onartu du:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

1. Errenteriako Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Errusiako Federazioak Ukrainian egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.

2. Errenteriako Udalak borrokak berehala gelditzeko eskatzen du, eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu eta deia egiten du Minskeko akordioetara itzultzeko

3. Errenteriako Udalak Ukrainiari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Errenterian bizi den komunitate ukrainarrari ere helarazi nahi dio.

4. Errenteriako Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Ukrainari eta Ukrainako herriari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Errusiari gogorazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.

5. Europar Batasunari, Estatu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar hori eragiten ari den errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du Gaztelutxoko aterpetxea, iragaitzazko migratzaileei zuzendua, behar izanez gero Ukrainatik iristen diren errefuxiatu horiei harrera emateko.

6. Errenteriako Udalak irmo eskatzen dio Errusiako Federazioari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.

7. Errenteriako Udalak Europar Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.

8.- Errenteriako Udalak Larrialdi Humanitariorako dirulaguntza bat onartuko du, tokian bertan lanean ari den erakunderen batentzat.

Errenterian, 2022ko martxoaren 4an