Jantziaren Zentroa inudeen pasealeku

Jantziaren Zentroak historian atzera egin eta XX. mende hasierara bidaia berezia proposatuko du bihartik aurrera. Sarrerako aretoan sartu ahala, Donostiako Kontxa pasealekura iritsiko da bisitaria: “Bertan aurkituko ditu hamalau emakume ezin dotoreago jantzita, mantala luzeak, lepoko, belarritako eta ilean orratz dotoreak daramatzatenak, ugazabek lanerako, kalerako ezarritako uniformea daramate soinean. Batek besotako umea altzoan dauka eta ondoan XX mende hasierako bi haur kotxe” azaldu dute Jantziaren Zentrotik.

Inudeen jantziak 1881-1920 urte bitarteko, Donostia, Azpeitia eta Bizkaiko argazkietatik egindako erreplikak dira. “Jatorrizko argazki horietako asko aurrez aurre pareta batean zintzilik ikusiko ditugu. Orotara 15 argazki. Eta erakusketaren albo batean pantaila handi batean beste ehun argazki zuri beltz, guztietan inudeak protagonista”, jakinarazi dute.

San Telmo Museoaren laguntza

Inudeen atzealdean Kontxako pasealekuaren irudia ikus daitekeela ere esan dute. Donostiako San Telmo Museoaren bildumako argazkia da hori. Gregorio Gonzalez Galarza argazkilari zegamarrak 1906-1910 urteen artean ateratakoa.

Zuri beltzean egindako jatorrizko argazkiak 13 x 18 zm neurtzen ditu; 6 x 3 metrora handitu du Jantziaren Zentroak. Hau San Telmo Museoak Jantziaren Zentroari bilduman duen irudiaren negatiboa helarazi diolako egin ahal izan dute.

Bisita komentatuak doan

Martxoaren 8an emakumeen mundu egunarekin bat eginez,  Jantziaren Zentroak erakusketaren doako ordu erdiko bisita komentatuak eskainiko ditu. Horietan galdera hauei erantzuna ematen saiatuko direla azaldu dute: inude, umezain, hazama, haurtzain lanean aritu ziren emakume horiek nortzuk ziren? Zein zen euren lana? Bete beharrak eta eskubideak?

Martxoaren 8an arratsaldeko 17:30ean gaztelaniaz, 18:00tan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz egingo dituzte bisitak. Martxoaren 12an, larunbatez, iluntzeko 20:00etan euskaraz eta 20:30ean gaztelaniaz izango dira.

Aforoagatik gehienez ere hamabost laguneko taldeak osatuko dituzte. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da Errenteriako turismo bulegora deituta 943 49 45 21 ala jantziarenzentroa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzita.

‘Inudeak’ erakusketa zabalik egongo da martxoaren 5etik apirilaren 30era bitarte. Larunbatetan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 artean eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara.