Errenteriako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko ekintza-planaren emaitzak aurkeztuko ditu Udalak asteazkenean

Errenteriako Udala hamarkada honetarako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-plana (KEIEP) garatzeko proiektuan murgilduta ibili da azken hilabeteotan. Uztailean zehar egindako partaidetza saio irekiak, online jasotako ekarpenak eta Energia-mahaiak landutakoa, guztia etorkizuneko planaren oinarriak eraikitzeko oso baliagarriak izan dira.

Une honetan Plana osatuta dagoela, Udaleko Tokiko Gobernu Batzordean aurkeztuko da onarpena prozesuarekin aurrera egiteko. Horren aurretik, ordea, Udalak herritarrekin eta herri-eragileekin Plana partekatu nahi du, egindako ekarpenei erantzuna eman eta prozesuaren emaitzak gizarteratzeko.

Horretarako, martxoaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 18:30etan, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan saio irekia antolatu du Udalak. Bertan KEIParen emaitza aurkeztu eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azalduko ditu. Udalak Planaren osaketa-prozesuan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie, Udalak hartutako konpromisoaz edota garatu ditzakeen politikez harago, herritarren inplikazio eta ekimena ezinbestekotzat baitu ekintza-plan honetan jasoko diren helburuak betetzeko.