Herri Arte Eskolak ate irekien saioak antolatu ditu datozen asteetarako

Herri Arte Eskolak herritarrei zuzenduriko ate irekiak egingo ditu martxoaren 14a eta apirilaren 1a bitartean. Era honetan, Musika instrumentu espezialitateetako, Dantzako, Antzerkiko eta Hitza eremuetako 8 urtetik gorako adinaren araberako hezkuntza eskaintza zabala bertatik bertara ikusi ahal izango da. Horretarako egutegi eta ordutegi egitarau zehatz bat antolatu da eta beharrezkoa izango da aurrez izena hemen ematea.

Egun 7 urte dituzten ikasleek musika instrumentuak deskubritzeko saio espezifikoak jasoko dituzte eskola orduetan eta, beraz, ez dute hauetan izena eman beharrik izango. 4-7 urte artekoentzako eskaintza bereziaren xehetasunak ondoko aurkezpenean emango dira:

Martxoaren 31n Herri Arte Eskolaren hezkuntza proiektuaren gidalerro pedagogikoak, egun indarrean den ikasketa egituraketa (4-7 urtekoen Hastapen Artistiko Multidiziplinarra, 8 urtetik gorako eskaintza osoa), 22/23 ikasturtera begirako matrikula prozedura eta hainbat ikuspegi eta berrikuntza gizarteratu asmoz egungo eta etorkizuneko ikaslego/gurasoei zuzenduriko aurkezpen bana eskainiko da Niessen auditorioan: 18:00etan euskaraz eta 19:30ean gazteleraz. Edukiera kontrolatze aldera aurrez izena eman beharko da eta era berean bi saio hauek streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira webgunean ezarriko den loturaren bidez.

Egitarau zabala martxoa eta apirilean

Udaberriko oporraldiaren aurretik ekintzen agenda ere oparo dator: Arkaitz Miner-ek ikastaroa eskainiko du martxoaren 5, 12, 19 eta 26an hari instrumentuetako ikaslegoa joera herrikoi folk jolastian barnera dadin.

Martxoaren 10ean Titika Rekalt-ek Maskaraden inguruko hitzaldia eskaniko du, eta martxoaren 12an Idauzera (Zuberoa) egunpasa irteera antolatu da Maskarada ospakizuna bertatik bertara ikusteko. Bestalde, martxoaren 20an Laia Molins-en eskutik klakean trebatzeko aukera egongo da erdi-maila eta maila aurreratua dutenentzat. Izen-ematea zabalik dago eskolako web orrialdearen bidez.

Horrez gain martxoan zehar eta udaberriko oporraldiaren aurretik instrumentu tradizionalen taldeek Olaskoaga plazan bi kontzertu eskainiko dituzte (martxoaren 4 eta 25ean, alboka eta trikitixa/dultzaina hurrenez hurren), eta baita hainbat kalebuelta ere. Gainera, dantza ikasleek eurek sorturiko koreografiak eskainiko dituzte martxoaren 20an, 19:00etan, Lekuona Fabrikan.

Apirilaren 3an Orkestrak kontzertu programa oparoa eskainiko du Madalena ermitan 12:30ean bakarlari eta gonbidatuez lagundurik. Apirilaren 5 eta 6an Hitza eremuko ikasle eta gonbidatu berezien eskutik emanaldi bana aurreikusten dira Lekuona Fabrikako plaza berdean.