Udalak lizitaziora aterako ditu Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleen arteko altuera-diferentzia gaindituko duen hiri-igogailua jartzeko lanak

Igogailuetako baten simulazioa.

Udala Aita Donostia kalearen atzealdearen eta Maurice Ravel kalearen artean bi igogailu jartzeko kontratuaren lizitazioarekin hasiko da.

Proiektu hau 2019-2023 Legegintzaldiko Planean jasota dago eta baita Irisgarritasun Planean ere, konpondu beharreko oinezkoentzako ardatz gisa. Auzo mailako oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen duen ekintza garrantzitsua da, eremu horretan pertsonen joan-etorria nabarmena baita, ikastetxea, Beraungo merkataritza-gunea eta jubilatuen elkartea direla eta.

Auzoko eragileekin hasierako proposamena aztertu ondoren, proposatutako irtenbide teknikoa ardatz horren konexioa konpontzen duten bi hiri-igogailu instalatzearen alde egin da.

Igogailuetako baten simulazioa.

Proposatutako igogailuekin ibilbide irisgarri bat lortzen da, Juan Crisostomo Arriaga kalea eta Aita Donostia kalearen atzealdea eta Aita Donostia kalea lotzen dituen lehenengo igogailu batekin hasten dena, eta bigarren igogailu bat Aita Donostia kaleko kontrako espaloitik Maurice Ravel kalera iristen dena.

Igogailuak gaur egun eskailerak dauden tokietan jarriko dira; beraz, beharrezkoa da dauden eskailerak eraistea, eta eskailera berriak proposatzen dira igogailu bakoitzaren alde batean.

Proiektuaren aurrekontua 469.272,17 eurokoa da, eta Udalak Eusko Jaurlaritzaren 266.000 euroko diru-laguntza jaso du proiektua gauzatzeko.
Lanak ekainean hastea aurreikusten da, eta aurtengo urriaren 31rako amaituta egotea.