Bueltan da ‘Ateak zabalduz’ ekimena

Maiatzaren 24tik 26ra ‘Ateak zabalduz’ ekimenaren VIII. edizioa egingo da, jubilatuen udal elkarteek eta Errenteriako Udalak antolatuta. Ekimena Covid-19aren ondorioz gauzatu ez den bi urteren ostean itzuliko da eta, zuhurtziagatik, programan aldaketa batzuk izango dira.

‘Ateak zabalduz’ ekimena 2013an sortu zen, klub bakoitzean ikasturtean zehar egiten diren jarduerak herritarrei ezagutarazteko. Edizio guztien arrakasta ikusita, urtero antolatzen jarraitu da, pandemiak markatutako urteak izan ezik. Adinekoak eta haien ongizatea elementu garrantzitsua dira Udalaren politika publikoetan – are gehiago kontuan hartuta udalerriko biztanleen % 25ek 65 urte baino gehiago dituela –, eta ongizate horretan erretiratuen klubak faktore garrantzitsu bihurtzen dira.

Kolektibo horrek udalarentzat duen garrantziaren erakusgarri dira, besteak beste, Pontika eta Galtzarabordako kluben obra-proiektuak amaitzear daudela eta proiektu horiei jarraiki 400.000 eurotik gorako inbertsioa izango duten obrak egingo direla; sortu berri den Adinekoen Mahaia eta bertatik egindako udalerriaren bakardadearen diagnostikoa; edo pandemian zehar adineko pertsonei zuzendutako jarduera fisikoko programak.

Ildo horretan, garrantzitsua da herritarrei erakustea ikasturte bakoitzean klubetan egiten den lana eta jarduera ugariak.

Programa

Jarduerak maiatzaren 24an, asteartea, hasiko dira, Lagunkide-Acoge taldeen topaketarekin. Egun horretan bertan zabalduko da Xenpelar Etxean Klubetan urte osoan zehar egindako lanen erakusketa. Esposizioa asteartean, asteazkenean eta ostegunean bisitatu ahal izango da. Goizez, erretiratuen klubetako bazkideek soilik izango dute bisitatzeko aukera, eta arratsaldez, publikoarentzat zabalik egongo da.

Asteazkenean, maiatzaren 25ean, Euskal Jaiak herriko kaleak zeharkatuko ditu.
Azkenik, ostegunean, maiatzak 26, bisita gidatua egingo da San Telmo Museora Bertan parte hartzeko izena eman behar da.