Enara-habiak aurkitzeko deialdia luzatu dute Errenteriako Udalak eta Aranzadi ZEko ornitologia-taldeak

Bolondresen bila dabiltza gure lurraldean enara, sorbeltz eta enara azpizurien habiak erroldatzeko. Ekimen honi buruzko xehetasunak emateko ekainaren 15ean, 18:00etan, Errenteriako Xenpelar aretoan hitzaldi bat antolatu dute. Bertan, errenteriarren laguntza eskatuko da, biztanle guztien artean udalerrian dauden habiak erroldatu eta zenbatzeko

Erroldaren datuek ENARAK izeneko bisore digital berri bat elikatuko dute, Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi diren hegazti intsektujale horien habiak lokalizatzea helburu duena. Hegazti horiek urtero itzultzen dira gure herrietara udaberriaren amaieran, habia egiteko eta ugaltzeko. ENARAK proiektu aitzindaria da Euskadin, eta Kutxa Fundazioaren 2022ko laguntzei esker finantzatu da.

Olatz Aizpurua Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologoak adierazi duenez, hiru hegazti espezie horien habiak funtsezkoak dira beren populazioak bizirik irauteko eta, beraz, suntsipena hilgarria da haientzat. Herriko etxeetako eraikin eta fatxadetan habia egiten duten hegaztiak dira. «Denok lotzen dugu udako soinua txori horien kantuarekin, gure natura-ondarearen zati baitira», gehitu du Aizpuruak.

Hiritar-zientzia

Proiektuan parte hartzen duten boluntarioek gaiari buruzko prestakuntza jasoko dute hainbat udalerritan, hitzaldi eta tailerren bidez. Honela, hiru hegazti espezie horien errolda egiteko, habiak zenbatu eta erregistratuko dira, eta parte-hartzaileek erraz bereizi ahal izango dituzte. Habien datuak Ornitho Euskadi herritarren zientziaren atarian barneratuko dira (www.ornitho.eus). Ondoren, datuak ENARAK bisore digitalean bilduko dira eta, horrela, adituek, administrazioak eta herritarrek udalerri bakoitzeko datuak ikusi ahal izango dituzte, boluntario guztien lankidetzari esker. Hiri-biodibertsitatearen garrantziaz eta espezie intsektujale horien kontserbazioaz herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea ere helburu du proiektua.

Hiri-bioaniztasuna

Hegazti intsektujale horiek antiizurrite biologiko moduan funtzionatzen dute gure udalerrietan, baina datu zientifikoek agerian uzten dute gaur egun populazioen murrizketa handia dagoela. Hori dela eta, enara arrunt batek egunean 800 intsektu, enara azpizuriak 530, eta sorbeltzak urtean 55 kg kontsumitzen dituela aztertu dute, gaian adituak direnek. Izurrite biologikoen kontrol zoragarri hori beharrezkoa da elikadura-katean, baina gure osasunerako ere beharrezkoa da.

ENARAK Hirilife izeneko hiri-biodibertsitateari buruzko proiektu baten barruan kokatzen da. Aizpuruak azaldu du hiri-biodibertsitatea gure hiri eta herrietan dagoen bizi mota anitzari egiten diola erreferentzia ,eta hori kontserbatzeak hiri-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea handitzea dakarrela.