150 familiek etxeko biohondakinak herrian bertan konpostatzen dituzte, 36,5 tona hondakin

Errenteriako udalak 2014tik abian du konpostaje programa. Helburua jatorrizko bereizketa handitzea eta biohondakinen prebentzioa hobetzea da konpostajearen bidez. Programa honekin, auzo eta etxe konpostajearen bidez, hondakin organikoen autokudeaketa sustatu eta erraztu nahi dira.

Horretaz gain, konpostajea egiten duten bizilagunek % 40eko hobaria dute euren hondakinak bildu eta ezabatzeko tasan, egiten duten lana konpentsatzeko. Aurten 150 etxebizitza izango dira hobari hau jasoko dutenak.

EAEko ohiko hondakin poltsaren aztertuz, etxeko hondakinen % 40 inguru materia organiko konpostagarria dela ikus daiteke, beraz, prebentzio-bide hau hautatzen duten bizilagunek heren bat hondakin gutxiago sortzen dute. Konpostatzera bideratu daitezkeen biohondakinak honakoak dira: fruta-hondarrak, barazki-hondarrak, elikagai gordin eta kozinatuen hondakinak (haragia eta arraina barne), pasta, arroza, fruitu lehorren azalak, loreak eta landareak, kafe-hondarrak eta infusioak, materia organikoz zikindutako paperezko ezpainzapiak, arrautza-oskolak, krustazeo-maskorrak, etab.

Etxe-konpostajea

Etxebizitza familiabakarrean bizi diren eta lorategia duten pertsonentzat da egokia etxe-konpostajea. Honen ezaugarri nagusia da eskala txikian egiten dela, etxe bakoitzeko baratze eta lorategietan jartzen diren banakako konpostagailuak erabiliz, sortutako hondakin organikoak kudeatzeko desplazamendu beharrik gabe eta, gainera, konposta modu erraz eta garbian lortuz.

Aurten, Errenteriako 106 etxebizitzek parte hartzen dute kanpaina honetan, konpostajearen bidez 24 tona biohondakin baino gehiago herrian bertan kudeatuz.

Auzo-konpostajea

Auzo konpostajea pisu batean bizi edo/eta konpostagailua jartzeko lurrik ez duten pertsonentzat da egokia. Kasu honetan, udalak, konposta egiteko 5 gune ditu Errenteriako eremu publikoan, behar diren material guztiekin: Agustinetan, Alabergan, Fanderian, eta, bi gune, Gaztaño auzoan.

Gaur egun, Errenterian 44 familiek parte hartzen dute Errenteriako 5 auzo konpostaje guneetan, 12,5 tona biohondakin baino gehiago herrian bertan kudeatuz.

Kalitateko ongarria sortzea

Konpostatzeak, zabortegietan buka daitezkeen hondakinak gutxitzeaz gain, konposta ere sortzen du, kalitate handiko ongarri naturala, gure udalerriko lurzoruetara materia organikoa ekartzen duena eta, beraz, emankortasuna hobetzen duena. Konpostak onura ugari ditu lurzoruentzat: lurzoruaren egitura hobetzen du, ureztatzeko beharra murrizten du, landareak hazteko beharrezko elikagaiak ematen ditu eta ongarri kimikoen beharra murrizten du.

Aurten, martxoan zehar, auzo konpostaje gune guztietako 2 edo 3 konpostagailu hustu eta bahetu dira, erabiltzaileentzat eskuragarri utziz bertan eginiko konposta. Konpostaren kalitatea bermatzeko, aldez aurretik laginak hartu eta Fraisoroko laborategian aztertu dira, gune guztietako konposta erabilgarria dela baieztatuz.

Errenteriako Udalak bertan bizi diren herritarrak beren hondakin organikoak konpostatzera animatzen ditu. Horretarako, udaletxean izena eman besterik ez da egin behar.