Ekainaren 27ean, aztergai izango dira saio publiko batean Udalerriko Irisgarritasun Plana berritzeko lanak

Errenteriako Udala Udalerriko Irisgarritasun Plana eguneratzeko lanak bukatzen ari da. Azkeneko hilabeteetan herritarrekin lanean aritu da hainbat modutan planaren edukia ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Planaren elaborazioa azkeneko epeetan sartu da eta udalak bilera irekia deitu du. Aipatu bilera datorren astelehenean, ekainaren 27an, egingo da Xenpelar kaleko Reina aretoan; bilkura 18:00etan hasiko da eta arduradunek dei berezia egin diete orain arte prozesuan ekarpenak egin dituzten herritar eta eragileei.
Berritu eta gero, plan horrek Errenteriako irisgarritasunaren egoera ebaluatuko du, bai eta udalerriko irisgarritasunaren arloko jarduketa garrantzitsuenak ere, hiri-inguruneak, espazio publikoak, udal-eraikinak, garraio publikoa eta informazio-sistemak pixkanaka egokitzeko.
Aurrekariak
Udalaren lehen irisgarritasun-plana 2003. urtean egin zen, eta 2011. urtean berrikusi zen Errenteriako auzo guztietara begirada zabaltzeko, igogailu eta ibilbide irisgarrietatik abiatuta zati altuenekiko konexioa hobetzearen alde eginez.
Azken hamar urte hauetan honako hiri-igogailu hauek garatu dira: Apeadero kaleko igogailua, Parke-Urdaburuko bi igogailuak, Basanoaga-Sorgintzuloko bi igogailuak, Ramon Maria Azkue-Markolako igogailua, Alabergako bi igogailu, Urdaburu-Jaizkibelgo igogailua, Beraun-Jesus Guridiren bi igogailuak. Gainera, arrapalak egin dira gune hauetan: Zabaleta Anaiak, Urdaburu kalea 1, Jaizkibel kalea 10 eta 12 zenbakiak, Miguel Zabaleta 21 eta 23, Santa Klara 26 eta 28, Uztargi haur-eskola, Markola ikastetxea eta abar.