Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala

53 urte igaro dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirenetik. Testuinguru hartan lesbiana, gay, trans eta trabestiak poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpen eta xantaien aurrean erreboltatu ziren eta, ondorioz, data hori mugarri bihurtu zen LGTBIQ+ pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean. Ekainaren 28 horretan LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Ordutik hona urte asko pasa diren arren, bizitzen ari garen testuinguruak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, “armairuak” presente jarraitzen du bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak arriskuan daude. Argi antzematen da eskuin muturreko diskurtsoen gorakada ere, zeintzuek gero eta ozenago aldarrikatzen duten cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatzeko beharra.

Hau guztia kontuan izanik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBIQ+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina eta, zentzu horretan, Errenteriako Udalak LGTBIQ+ pertsonen eskubideekiko urteko egun guztietan duen konpromisoa.

Horregatik, Errenteriako Udala konprometitzen da:

1) 2019an burutu zen “ErreferenteEkin” Errenteriako LGTBIQ+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoan abiapuntutzat hartuta, 2022an zehar landu eta maiatzean onartu berri dugun LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzekoekintza-plana garatzera.

2) Ekintza-planean jasota dagoen bezala, 2019-2023 legegintzaldia amaitu aurretik, lau ekintza konkretuok martxan jartzera:

• LGTBIQ+ politiken aholku kontseilua sortzea, orain arte lanean jardun den LGTBIQ+ mahaitik abiatuta.

• Egun esanguratsuetarako sentsibilizazioa eta jabekuntza sustatzeko programazioa antolatzen jarraitzea.

• Transexualak diren pertsonentzat aholkularitza zerbitzua martxan jartzea.

• Errenteriako LGTBIQ+ pertsona eta mugimenduaren memoria jasotzeko beka sortzea.

3) Madalen jaien testuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko sortzen dugun kanpaina eta protokoloak LGTBIQ+ pertsonen errealitatea kontuan hartzera.

4) LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatu nahian, ekainaren 28an Udaletxeko balkoian hortzadarraren eta trans harrotasunaren ikurriñak jartzera, egun osoz.

5) LGTBIQ+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzera eta herritarrak deialdi hauetara gonbidatzera.