Autobus elektrikoa probatuko dute Errenteriako kaleetan

Errenteriako autobus urbanoen zerbitzua kudeatzen duen enpresak, Iparbusek, autobus elektriko bat probatuko du datozen egunetan herriko kaleetan barrena.

Udal arduradunek aukera izan dute ibilgailua bertatik bertara ezagutzeko eta garraio publikoko enpresaren azalpenak entzuteko. Epe laburrean horrelako autobusik erostea aurreikusita ez dagoen arren, probaldiak ibilgailu elektriko hauen ezaugarriak eta erabilgarritasuna modu errealean ezagutzeko parada izango da.

Hain zuzen ere, garraio enpresako arduradunek adierazi dutenez Errenterian barreneko bi lineatan probatzeko asmoa dute, «autobusaren nondik norakoak, erosotasuna eta kontsumo errealak aztertzeko aukera oso ona da».

Beraz, datozen bi asteetan ohiko autobusekin batera ibiliko dute ibilgailu elektrikoa, eta proba hauek mugikortasun jasangarriagoa lortzeko udala egiten ari den ahaleginarekin bat egingo dute.