Gazteriako programetan izena emateko epea zabaldu du Udalak

Errenteriako Udalak, Gazteria sailaren bidez, haur, gazte eta familientzako antolatzen dituen programak martxan jarriko ditu urriaren 3tik aurrera.

Aurreko urteetan bezala, abian jarriko diren programen eskaintzak 0 eta 18 urte bitarteko adin-tartea hartzen du. Gainera, 0 eta 12 urte bitarteko adingabeen kasuan, familiak ere badira zerbitzuen hartzaileak.

Lehenengo programa, Familia Gunea, 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago.

Berrikuntza gisa, aurten, eskaintzen den edozein txandatan parte hartu ahal izango dute familiek, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara eta asteazken eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara (gehienez 18 familia txanda bakoitzeko).

Gune honetan parte hartu ahal izateko familiek aldez aurretik eman behar dute izena, txanda aukeratuz, ZU! arreta zerbitzuan (Herriko plaza z/g) irailaren 28a arte arreta ordutegian:

• Astelehena, 7:30etik 14:00etara

• Astearte eta ostegunetan, 7:30etik 19:00etara.

• Asteazkenetan eta ostiraletan, 7:30etik 15:00etara.

Arratsaldez hitzordua beharrezkoa da, 010 edo 943 449 600 deituz, zein Udalean.

Aurten, kuota helbideraketa bitartez ordaindu beharko dute izen-ematen duten familiek. Izena lehen aldiz ematen badute, hiru hilabeteko probaldia egin ahalko dute 21,03 euroko prezioan. Ikasturte osorako izen-ematea aldiz 42,07 euro izango da.

Familian Jolasean programaren kasuan, aisialdiaz euskaraz gozatzea helburu duen programan parte hartu nahi duten 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiek gazteria.errenteria.eus web orriaren bidez eman ahal izango dute izena.

Ekintza hau ostiralero garatuko da 17:30etik 19:30era Agustinak auzoan, Markola Hiribidea 24 zenbakian (sarrera Elias Salaberria kaletik).

Ikasturtean zehar, gainera, hainbat jarduera puntual egingo dira herriko hainbat puntutan, helburu berarekin: jolasaz eta denbora libreaz familian gozatzea euskara ardatz izanik. Lehenengoa irailaren 9an egin zen, Beraun auzoko jaietan.

Ludoteketan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek hezkuntza-aisialdiaz goza dezakete, balioetan oinarritutako hezkuntzan berariaz eraginez.

Errenterian 6 ludoteka daude Agustinak, Beraun, Erdigunea, Gabierrota, Kaputxinoak eta Markola auzoetan.

Izen-emateak ludoteketan bertan egingo dira 17:30etik 19:30era, eta baita zerbitzu hauek ezagutarazteko auzo bakoitzean egingo diren jarduera berezietan ere. Informazio guztia Gazteriaren webgunean aurki daiteke.

Aforoa mugatua dela kontuan hartuta, neska-mutilen kopurua plaza-kopurua baino handiagoa bada, irailaren 29an esleituko da zozketa bidez.

Izen-ematea formalizatzeko kuota ordaindu beharko dute. Hiru hileko kuota 21,03 eurokoa da eta ikasturte osokoa, 42,07 euroko ordainketa bakarra, baina familiaren ahalmen ekonomikoaren arabera alda daiteke.

13 eta 17 urte bitarteko gazteentzako Errenteriako Udalak bi zerbitzu eskaintzen ditu.

Batetik, gaztelekuak, non hezkuntza-aisialdiaren bidez balioak eta parte-hartze aktiboa sustatzen diren.

Gazteek Beraun eta Gabierrota auzoetan dauden Errenteriako gaztelekuetan eman ahal izango dute izena asteazkenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era, eta baita hilaren 22an Beraunen eta 23an Gabierrotan egingo diren jarduera berezietan ere.

Bestalde, Kuadrillategi programa eskaintzen da, euskaraz ongi pasatzeko gogoa duten gazteei zuzenduta.

Izena eman nahi duten gazteek irailean zehar eman ahal izango dute, Oarsoaldeako web orriko esteka jarraituta. Dena den, zerbitzuaren informazioa ikastetxeetan eskainiko da.

Ludoteken eta Familia Gunea zerbitzuen tasak familiaren errentaren arabera egokitu daitezke. Egokitze horretarako eskaera gaitasun ekonomikoaren araberako tasa aplikatzeko eskaera eredu normalizatuan egin beharko da, bertan adieraziko den dokumentazioa aurkeztuz. Ondoren, ebatziko da.

Eskaintza honi, tasei eta hura kalkulatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio gehiago eskatzeko Gazteria Sailarekin harremanetan jar daiteke gazteria@errenteria.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, 943 449 606 telefonora deituz edo gazteria.errenteria.eus webgunean kontsultatuz.